Horretarako, film aukeraketa zorrotza egin ohi da, jaialdian saritutako lanak ere txertatuz. Horren haritik, gaur, publikoak "Arditan" izenburuko 30 minutuko dokumentalaz gozatzeko aukera izango du, aita eta aitonaren ereduari jarraiki ardiak zaintzeaz arduratzen den adineko artzain baten eguneroko bizimoduari erreparatuz. Horrekin batera, "The hardest of the Alps" pantailaratuko dute, Iker eta Eneko Pou anaiek Alpeetako ibilbide ikusgarrietan zehar autokarabanaz egin zuten bidaia errepasatzeko. "Línea continua" deritzonak, bestalde, Matterhorn aldean esploratzaile eta gidari dabilen Barmasse familiaren lau belaunaldi aurkezten ditu; eta "The Moonflower" delakoan, Jon Bracey eta Matt Helliker mendizaleek beren adiskide Jules Cartright zenari omenaldia egin eta Alaskako Mount Hunter mendiaren ipar hegalean ibilbide berri bat irekitzeko asmoz egin zuten ahalegin aparta ikus daiteke.
Asteazkenean hiru film
Asteazkenean, berriz, honako film hauek eskainiko dira: "Next time Inshallah", Alex Chicón, Gerfriel Göschl eta Louis Rousseau mendizaleek Gasherbrum I-eko gailurrerako bide berri bat irekitzeko asmotan egin zuten ahalegina bistaratzen duen 32 minutuko dokumentala; "The Prophet", Leo Houlding-ek hamar urte geroago Yosemiteko Kapitaina mendiko ibilbide arras bertikalera egindako itzulerari buruzkoa; eta "Fly or die" izenburua daraman 24 minutuko filma, “solo integral base” deritzon estiloa (sokarik gabeko eskalada, paratxut baten laguntza soilaz, badaezpada) sortu zuen Dean Potter-en "erokeria" deskribatzen duena.