Sopelako udaltzainek soinean eramango dute identifikazio zenbakia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko urr. 1a, 18:54

Herritarrek Sopelako udaltzainak identifikatzeko erraztasun gehiago izango dituzte aurrerantzean. Izan ere, tokiko poliziek euren zenbaki profesionala soinean eramaten hasi dira. Aipatutako neurria abuztu hasieran hasi zen martxan, eta dagoeneko Sopelako udaltzain guztiek euren identifikazio-zenbakia eramaten dute uniformeetan, udal iturriek zehaztu dutenez. Identifikazio zenbakia uniformearen goiko aldean dago, ezkerreko aldean, Sopelako Udalaren armarriaren azpian, eta guztiz agerikoa da. Poliziek uniforme guztietan eraman beharko dute identifikazio zenbakia. Udalak sustatutako ekimen honen bidez, herritarrek udaltzainen identikazio-zenbakia ezagutzeko erraztasunak izango dituzte; zenbakia begi bistan egongo denez, herritarrek ez diote udaltzainari euren identifikazio-zenbakia erakusteko zertan eskatu, zuzenean ikusiko dutelako. Gainera, identifikazio-zenbakia eta argazkia duen txartela eraman beharko dute soinean, eta edozein herritarrek eskubidea izango du txartel hori udaltzainari eskatzeko eta txartela ikusteko.

"Udalak hainbat ekimen jarri ditu abian Udaltzaingoa herritarrengana hurbiltzeko asmoz; azken erabaki hau, esaterako, norabide horretan doa", adierazi dute tokiko agintariek. Sopelako kaleetan udaltzainen presentzia ere indartu nahi izan du Udalak, eta ez bakarrik erdigunean, auzoetan ere euren presentzia areagotuko da. Autoz egiteaz gain, udaltzainek oinez ere zeharkatuko dituzte kaleak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun