Getxoko Udalak eskaintza euskaraz duten 28 akademien berri zabaldu du; ume, gazte zein helduen eskuetara hel dadin. Ekimena, GEHI, euskara sustatzeko hitzarmenaren barruan kokatzen da, “oso garrantzitsutzat jotzen baitugu eskolatik edo lanetik kanpo egiten diren jarduerak euskaraz egin ahal izatea, hizkuntzaren erabilera sustatze aldera. Horretarako akademien datuak bildu ditugu getxotarrei helarazteko”, Koldo Iturbe Euskara zinegotziak azaldu duenez. Egun mota askotako jarduerak egin daitezke euskaraz udalerriko hainbat akademiatan, tartean eskola-laguntza, musika, dantza, eskulanak, pintura-tailerrak eta euskara-ikastaroak. Aukera horiei buruzko informazio liburuxkaren 100 ale banatu ditu Udalak herriko toki publikoetan eta ikastetxeetan kontsultatzeko. Horrez gain, flipping book (liburu elektronikoa) erakoa ere egin du eta sareko
www.getxo.net/flip/akademiak2012/index.html helbidean dago ikusgai honako bost multzo nagusi hauetan banatuta: errefortzu-eskolak eskaintzen dituztenak (11), euskara eskolak ematen dituztenak (6), Musika Eskolak (4), pintura, eskulanak eta dantza eskolak (4) eta umeentzako euskaltegiak (3). Udalak ekimenaren berri ematen duen eskutitza ere bidali du 2 eta 16 urte bitarteko umeen 6.000 bat etxeetara. Argazkian, Imanol Landa alkatea eta Koldo Iturbe zinegotzia euskararen inguruko ekimen bat iragartzen / © Getxoko Udala.