Campuseko ikasleek irakurritako testua
37 urte bete dira gaur, askatasun ametsaren bidean, Txiki eta Otaegi euskal militanteak FRAPeko hiru kiderekin batera erail zituztenetik.
10 urte, askatasun ametsaren bidean, Arte Ederren fakultateko Egoitz Gurrutxaga oreretarra borrokan erori zenetik.
6 urte, askatasun ametsaren bidean, Lan Harremanen fakultateko Igor Angulo santurtziarra espetxe politikak Cuencako ziegan erail zuenetik.
Hainbat belaunaldi batu gara herri honen askatasun ametsera, askatasun ametsaren bidera.
Badakigu, ongi jakin ere, herri honen gatazka politikoak oinarri ideologikoa duela, eta Euskal Herriaren etorkizuna dagoela jomugan. Gatazka honetan espainiar eta frantziar estatuen esku-hartzea bortxazkoa, etengabea izan da, errepresio bide guztiak erabili baitituzte hizkuntza, kultura, nazio kontzientzia eta, nola ez, erresistentzia itzaltzeko.
Gatazka politiko honetan, gerra ideologikoak ere eragina izan du. Hedabideek, historia ofizialak, erakundeen diskurtsoek eta doktrina antiterroristak hamarkadak daramatzate garenaren eta egiten dugunaren gezurrezko bertsioa eskaintzen. Gure oroimena lausotu eta Egia ezkutatu nahi dute, herri kontzientzia ezabatu arte, garena izateari uzten diogun arte. Ez dugu onartuko ordea.
Egia eta oroimena helburu, ezinbestekoa dugu gertatutakoari buruz hitz egitea eta egia azaleratzea. Gure herriak egia jakin behar du, gatazka politikoaren eta bere ondorioen inguruko egia. Honek ahalbidetuko baitu indarkeria agertokitik agertoki demokratikora igarotzea.
Herri honen askatasuna lortze bidean mila herritar ibiliak dira borrokan. Askatasun ametsaren bidean den-denak, sarri bizitza ere emateraino. Haien bizitza eta borroka gure historia da, haien lekukotza gurea da, funtsean, haiek gureak dira. Askatasunaren aldeko konpromisoak ekarri gaitu honaino. Horregatik dira eta izango dira gureak eta gure egiten dugu euren konpromisoa.
Beraz, oraindik konpontzear dagoen gatazkari bidezko konponbidea emateko erabateko konpromisoa dugu. Eta omenaldirik onena garaipena dela ozen esanez, Egoitzek, Igorrek eta gainerako eusko gudari guztiek abiatutako askatasun ametsaren bidea bururaino eramango dugu.
Gora Euskal Herria askatuta! Gora eusko gudariak!
Gudari Eguna Uribe Kostan, argazkitan