Erandio eta Itzubaltzetara helduko da Gazte Zukgua prozesua

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko urr. 1a, 23:47

Pasa den larunbatean, ehunaka gazte batu ziren Zarautzen ezker abertzaleko gazte antolakunde berri bat sortzea helburu izango duen Gazte Zukgua, prozesu eratzailea aurkezteko. Topatu.info-k jakinarazi duenez, norbanakotik kolektibora jauzi egiteko "zukuan" murgildu dira udaran zehar 200 herritako 800 gazte inguru, eta egindako hausnarketak gainontzeko gazteekin partekatzeko ordua iritsita, guztien artean Euskal Estatu Sozialista lortzea helburu izango duen gazte antolakunde berria eratzeari ekin diote. Martxoaren 2a bitartean burutuko dituzte eztabaidak. Uribe Kostan prozesua aurrera eramateko arduradunek sare sozialetan zabaldu dutenez, eskualde mailako aurkezpen jaialdia Erandioko Kalezulo gaztetxean egingo dute, larunbatean, hilak 6, nahiz eta oraindik ordurik zehaztu ez duten. Halere, eskualdez gain, herriz-herri ere aurkezten ari dira Gazte Zukgua. Algortan, pasa den larunbat arratsaldean egin zuten eta Itzubaltzeta / Romon, ordea, ostiralean emango dituzte jendaurreko azalpenak, herriko eliz atarian, 18:00etan. Besteak beste, "musika, bideoa, hitzaldia eta lunch gozo-gozoa" agindu dute. Argazkian, Zarauzko aurkezpena / cc-by-nc Topatu.info.

Prozesu eratzaileko partaideen oharra:

Azken hilabeteetan, udako beroekin batera, gazteok herri eta auzoetan biltzen, eztabaidatzen, harremantzen eta hausnartzen egon gara. Kezka, arazo eta ikuspegi propioa dugu gazteok eta horren aurrean antolatzearen beharra eta gogoa nabarmendu da burututako harreman eta hausnarketetan; antolaketan ikusten dugu gure helburuak erdiesteko modu bakarra, Euskal Estatu Sozialista eraikitzeko bide bakarra. Hala, Euskal Herriaren eraldaketa eta burujabetza nahiz geure buruen askapena erdietsi asmoz gazteok, gazte antolakunde bat sortu bidean, prozesu eratzailea abiatu dugu, gure estrategia finkatu asmoz.

Helduen neurrira egindako eguneroko honetan, gazteok problematika propioa dugu, izaera ezberdina, kezka desberdinakā€¦ eta horiek egiten dute gazteotaz kolektibo. Kolektibo izateak ordea, ez gaitu homogeneo bihurtzen. Hori hala izanda, elkarrekin bildu eta burujabetza zein askatasunaren helburua geure egin eta estrategia bat finkatzearen beharra ikusi dugu. Egungo egoerara egokitutakoa baina egungo egoera irauli asmo duen estrategia zehazki finkatuko dugu datozen hilabeteetan, gazteon parte hartze ahalik eta zabalenarekin.

Zentzu horretan, gazte bezala zer nahi eta behar dugun definitzeko prozesu bat abiatu dugu hurrengo hilabeteetan luzatuko dena. Prozesu honen oinarria herri eta auzoetan dago. Eztabaida prozesu bat izango da zeinetan erabaki potoloak hartu beharko ditugun baina era berean, gazteok bildu eta ondo pasatzeko aitzakia ezin hobea ere izango da. Urrian hasi eta martxoaren 2ra bitarteko iraupena izango du prozesuak eta azkenik jaialdi erraldoi batekin ospatuko dugu jaiotza. Prozesua guztiz publikoa izango da, parte hartu nahi duen ororentzako irekia.

Horrez gain, urriaren 22an nazioarteko bira bati ekingo diogu. Lehen geldialdia Oslon izango da, bertan antolatuko den mundu mailako foro batean parte hartuz. Biran zehar, munduan zehar dauden hainbat gazte antolakunderekin elkartu, harremandu eta gure prozesua azalduko diegu. Biraren berri bidaiaro emango dugu, eta abian jarri dugun Gaztezukgua.info webgunea ere tarte bat irekiko dugu nazioartetik bidalitako kronikak biltzeko. Webgunean, horrez gain, prozesuaren nondik norakoak eta eztabaidan dauden auziak zintzilikatuko ditugu, prozesua jarraitu nahi duen orok eskuragarri izan dezan.

Zarauzko aurkezpena bideoz (cc-by-nc Topatu.info)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun