Itziar Epalza Getxoko Udalaren Turismo zinegotziak nabarmendu duenez, “seigarren urtez egingo du bat Getxok kanpainarekin, Getxoko Kultura-Ondarea herritar guztien artean zabaltzeko,kalitatezko esperientzia baten bitartez, gure ondarea gozatzeaz gainera bere ezagutza eta bere kontserbazioarekiko errespetua ere lortzeko, eta ondarea ingurumenaren zaintzearen aldeko estrategietan (XXI agenda) sartzeko, ondarea ingurumenaren zati bat dela eta geroko belaunaldientzat babestu eta zaindu behar dela iritzita”.
Epalzak gogoratu duenez, “Getxorentzat jardunaldien aurtengo gaia ez bada ere aurrekoetakoa bezain egokia, Udaletik egitaruari eusten ahalegindu gara, aurreko ekitaldietan parte hartu zuten pertsonek inkestetan egindako aldeko balorazioa aintzat hartuta”.
Antzezlana
1520 urtea da. Ez da denbora luzea Bilboko Kontsulatuak, Algortako marinelen mesedetan, eta ez Portugaletekoenean, itsasadarreko barra kontrolatzen duela. Dama getxotar batek zaldun batekin ezkondu beharra du, nahiz eta Algortako marinel bat maite duen ezkutuan. Nabigatzailea ere ez da hutsaren hurrengoa, aitzitik, pilotua da eta bere ustez, hein batean behintzat, merezi du dama. Baina, zer egin dezake pilotu anaikide batek elkartzeko eta aurrera egiteko erabakia hartu duten bi leinuren kontra? Zein indar du maitasunak ezkontza-hitzarmen baten aurka?