Josu Gotzon Landeta: "Herriaren poesia Santutxutik erausia"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko urr. 2a, 00:33

Udazkenaren hasieran iraila eta urriaren arteko sasoiak egun eder asko oparitzen digu, oraindik bero emaile den eguzkiaren indarra igarri ahal izanik. Alabaina badira uda amaitzera doala adierazten dizkiguten zantzu batzuk, eta gure soinetan giro epel atseginaren atzetik haizearen bortitza eta euriaren zakarra ere igarri ahal ditugu, udako gozotasun atsegina amaitu eta sasoi latzagoa datorren seinale. Azkenik neguaren makilakadek pairatuko ditugu, une batzuetan eguzkia bero emailea izan litekeenik ere ahazteraino. Uda akabera aldakor honetan, Pablo Neruda zenaren memoriak irakurtzeko parada izan dut, erdaraz "Confieso que he vivido" izenburua daramatenak. Orrialdeetan barrena idazle horren bizitzaren argi-ilunetan murgildu naiz, eta bere ibilbideari udazken hasierako sasoiaren tankera bera sumatu diot: kontzientzia herrikoia eta sormen poetikoaren eguzkia mundu zabalean barreiatzen zituen heinean, kapitalismo eta faxismoaren indar krudel atzerakoiek inon ziren trabak eta jazarpenak eragin zizkioten ekaitz eta erauntsien gisa. Munduan hara eta hona emandako urte horiek, argi betean barik hodei beltzen artean igaro zituen, eta Txile bere sorterriaren gobernu ustelen harietatik hasi eta nazioarteko gobernu ustelen tropak inon ziren zangalatraba eta azpijokorik koldarrenak erabili zituzten bere kontra. Argazkian, Josu Gotzon Landeta.

Pablo Nerudaren hitzetan, burgesiak errealitatetik at dagoen poesia bultzatzen du, eta ildo horretan jainko txikiak sortzeari ekiten dio. Hala elikatzen ei da gainbeheran dugun kapitalismoa, eta hala gaitzesten ditu gauza bakoitzari bere izenez izendatzen dituen olerkiak eta olerkariak. Izan ere, poesia insurrekzioa eta subertsioa da berez, udaberriak aldaketa dakarren gisara berriztatzen baititu bizitzaren egiturak eta arimaren kodeak. Hala da ze, olerkariak bere lekua behar du kalean. Botereak, ostera, jarrera hori arriskutzat jotzen duelarik adierazpen horiek deuseztatzera joko du, bere esku dituen arma guztiak erabiliz, su-armak barne.

Pablo Neruda hil zela ia berrogei urte pasatu diren arren, ez dirudi kale mailako kontuak larregi aldatu direnik. Berak iragarri legez orduan bere olimpo distiratsu baztertuan kondenatuta zegoen poesia burges ofizial hori oinezkoen mundutik erabat aparte bizi da, hil antzean. Gaur egun mundu mediatikoan poesiarik ez da, eta orduan ei zeuden jainko txiki horiek gaur egun Jainko Handi bihurturik ikusten ditugu telebistak, kirol konpetitiboak, publizitateak sortutako hamaika izar ahalguztidunek , poesiaren arrastorik txikiena ere ez duen argi faltsua zabaltzen dabiltzala. Boterearen hedabideek munduko poesiaren jantzi apainak erantzi, erausi, eta sarrera ordaindu beharreko museo elitistetara zokoratu ditu, halako moldez non gaurko kaleko mundu errealean estadio beteak eta telesaio burujale azaleko horiez gain arima eta naturaren hizkera sentitzen duen inor gutxi dagoela ematen duen. Eta jarraitzaileak badituzte, ohartu besterik ez baitugu adurra darien zenbat milaka baloi eta telebista-jale ditugun, agintariek gura duten lekuan, gura duten moduan dabiltzanak, haiek emandako opioak lokartuta sentsibilitate oro galdurik alegia.

Hala dela ematen du, bai, baldin eta botereak kudeatutako mundu ofizial modakoari soilik erreparatzen badiogu. Erraza da gainera horretan soilik erreparatzea, ezen fanfarre mediatikoaren zaratak beste guztia estaltzen baitu, bafleetatik dezibelio bizien oldarraz ateratzen den musikak a kapela dabilen kantari soil naturalari egiten dion legez. Bitartean herriaren poesia kale arteko oihanean baliabide naturalez biziraun behar du, sarri bere sormenaren ukituaz arima eta naturaren hizkerari forma emanez dabiltzan ehunka lagunen eguzkiak epeldurik, sarri Azkuna, Barcina eta Espekulazio izena duten santu faltsuen haize erauntsiak eta euri zatarrak kalteturik. Hala diraute munduan eta Euskal Herrian zehar dauden bailara oparoen arteko hamaika kobazulo (gaztetxeak, bertso-eskolak, euskaltegiak, ortu ekologikoak……), milaka herritarren laguntza eta eraginaren epeltasun naturalak ondurik, baina boterearen zarata mediatiko, militar eta manipulatzaileak ezerezean utzi guran.

Urte asko dira Santutxuko auzoan gazte asanblada auzoa autogestioaren poesiaz zipriztintzen dabilena. Euren eguzkia behin eta berriz berotu gaitu, baina santu faltsu hantuste horiek ez dute euren eguzki propioa ez den beste adierazpenik maite, eta halakoetan behin eta berriz ekaitza eta euri zatar ustela bidali duten herritarren aurka. Azken urteotan Sorgintzulo, Lakomi eta Uztaldi moduko izenek hiriko kale kantoi hitsak kolorez bete dituzte, botereek diktaduraren zuri-beltza inposatu gura izan arren. Oraingoan gazteak Uztaldi gaztetxetik aterarazi dituzte, handikiek hainbeste aldarrikatzen duten bakearen diskurtsoari muzin eginez, inon diren beldur eta jazarpen berbak eta tresnak erabiliz. Izan ere eguzki hori zabaltzea ez da komeni, eguzki horrek betikoei ez die dirurik ematen, eta eguzki hori indartuz gero sarrera ordaindu beharreko museo antzuek ez lukete etekinik izango, etekina euren sakeletan, jakina.

Dena dela, lur-eremu guztia ez da lautada hits eta kontsumista bat, bazterretan muinoak, mendiak, bailara oparoak baitaude, mezu antzu anakronikoak utzirik gure gogoaren baitako bultzadaz deskubritu behar ditugunak. Eta hala ikus dezakegu kale arteko ehunka lagunen ahalegina, mundu aberasgarri eta erakargarriago bat sortu guran, mundu bat non hitzak goikoek galarazita mantendu gura lituzketen sentimendu eta gauzak izendatzeko erabiltzen baitira, bizimoduaren poesiari subertsioaren jantzi apaina jarriz.

Tamalez agintariak ez daude lo, eta inguru gorde horiek salgai jarri guran dabiltzala, sarritan esentzia hori kobazulo ezkutuetan soilik topatu beharrean gabiltza. Hala ikusten ditugu gure herri eta auzoetan gure gaztetxeak, bertso-eskolak, euskaltegiak, ortu ekologikoak eta beste hamaika giza erakunde, eremu gordeetan ile gisako adar eta sasiek estaliriko kobazulo gisa, bere barruko umetokien babesean iluntasuna barik ehunka arimaren esentzia naturalaren argiz bustiriko bazterrei urrearen antzeko distira dariela, kanpoan oraingoan Azkuna edo espekulazio izena duten erasotzaile anker bihozgabeak ekaitzaren indarrez erasoka dabiltzan bitartean.

Hala da udazkenaren izaera, batetik eguzkiaren indarra izango dugu bizitza emaile, baina bestetik haize eta euriaren zakarrak zigortuko gaitu, sarritan beroaren gomuta galtzeraino. Edozelan ere udazken eta negu orok dute bere udaberria atzetik, eta datorren loratze horretan inguruko lur aberatsak umetokian gorderiko altxor bizi horietaz erdituko dira, eta esentzia horren argiak mundu zabaleko bazterrak bustirik fanfarre mediatiko erraldoi faltsuaren zarata estal lezake, edo gutxienez bere eraginari galga jarriko dio. Horretarako ez dago nork bere gogoaren indarra eta arimaren distira abiatzea baino arma eraginkorragorik, arma batzuk plastikozko izar hantuste antzu horiek galduko dituztena.

Josu Gotzon Landeta irakasle getxoztarra
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun