Larunbat honetan, hilaren 6an, Txitxiburruntzi Jaia ospatuko dute Leioako udaletxeko plazan,
Berbalamiñe euskara taldeak antolatuta. Gainera, aurtengoa berezia izango da, ateratzen duten dirua Unax Cañibano ume leioaztarrari laguntzeko izango baita. Biriketako atresia du 8 urteko haurrak eta irailaren hasieran 6 orduko ebakuntza egin zioten Boston Children's Hospitalean. Unaxek pairatzen duen gaixotasuna sendatzeko tratamendurik ez dago Espainian. Umearen biriketako batek ez zuen funtzionatzen eta besteari bihotzarekin komunikatzeko arteriak falta zitzaizkion. Hainbat diagnostiko negatibo entzun ostean, Unaxen gurasoak beste iritzi batzuen bila hasi ziren. Bere adineko ume bat osasuntsu egoteko, odoleko oxigeno maila %90 eta 92 artekoa izan behar da, eta Leioako umeak % 75eko gaitasuna zuen. "Orain, %100ekoa du". Txitxiburruntzi Jaiko bazkarirako txartelak Lamia AEK euskaltegian, Piren tabernan eta Kurkudin eros daitezke, 10 eurotan. Gaur da azken eguna. Menua honakoa izango da: indabak sakramentuekin, solomoa piperrekin, hostore tarta, ardoa, ura, ogia, kafea edota infusioak. Argazkian, auzotarrak dantzan, aurreko Txitxiburruntzi Egun batean.