Sarbide hori kale berri bat izango da ibilgailu eta oinezkoentzat. Auzoko goiko partea Independentzia kalearekin lotuko du, ur andela eta Zavala familiaren etxearen artean, etxe horren mugan, hain zuzen ere. Kale horrek galtzada, espaloia, argiteria, bateriako aparkalekua eta bidegorria izango ditu. Bidegorri hori, gerora, Torresoloko kanpoko igerilekuetara doan bidegorriarekin lotuko da. Hitzarmenaren arabera, lanak urrian bertan hasiko dira, Udalak aurreratuko baitu obraren kostuaren dirua (470.000 euro). Diru hori itzuli egingo dute promotoreek Udalarekin paktatutako epean, tokiko agintarien arabera.
Horrela, lehen fasearen urbanizazio lanak (900.000 euro) eta bigarren faseak barne hartzen duen Txorierriko sarbidearen eraikuntza (470.000 euro) hasiko dira aldi berean. Beraz, etxebizitza libreei dagozkien urbanizazio lanak bakarrik geratuko lirateke egin gabe, momentuz.
Hobekuntza lanak
Azken hilabeteotan, Txorierri auzoan ere bai, Leioako Udalak urbanizazio hobekuntzak egin ditu: kaleak eta galtzadak barrutik asfaltatzea eta pintatzea, adinekoentzako gimnastika aparatuak jartzea, umeentzako josta lekuak berriztatzea eta ponpaketa etxolaren ondoko erremateko urbanizazio lanak. Udalaren inbertsioa 350.000 eurotik gorakoa izan da.