Eudel eta Herrizaingo Sailaren arteko hitzarmenean aurrez ikusitako ekipamendurako lantaldeak adostu zuen agindua, eta 2012ko uztailaren 6an aurkeztu eta aho batez onartu zen Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordean.
Uniformeei buruzko akordioetan zenbait arropetan irudi bateratua izatea aurrez ikusi da, esaterako poloak, jantzi polarrak, eurirako zirak, txaleko distiratzaileak, prakak, txanoak eta txapelak, gerrikoak, edota oinetakoak eta botak. Beste atal batean bereizgarrien diseinua eta kokalekua landu da, besteak beste, udal bakoitzaren ezkutua, ikurrina, eguzki lorea (udaltzainen bereizgarria), edota erreferentziazko edo identifikatzeko zenbakiak.
Udal zaintzaileek eta mugikortasun agenteek haien janzkerari buruzko atal bat dute. Udal zaintzaileak eta udaltzainak bereizteko, zaintzaileen arropetan "vigilante municipal" jarriko du bularraren eskuineko aldean, eta bizkarraren erdialdean, ostera, "Udal-jagole".
Itundutako testuan, halaber, kategoria desberdinei dagozkien dibisak ere deskribatu dira. Azkenik, polizia ibilgailuen kanpoko diseinua zehaztu da, baita ezkutuak eta legendak ere.
Udaltzaingoen estilo liburua
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako beste tokiko poliziak bezala, Berango, Getxo, Gorliz, Erandio, Leioa, Plentzia eta Sopelako udaltzainek uniforme eta autoen apainketa bateratuak izateko proposamena jasoko dute hemendik gutxira,. Izan ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak gaur plazaratu du Euskadiko Udaltzaingoen Uniformeen eta Kanpoko Ikur Bereizgarrien Agindua, udaltzaingo kidegoen, udal zaintzaileen eta mugikortasun agenteen irudi korporatibo bateratua bultzatzeko. Herrizaingo Sailak sustatutako aginduak uniformeei buruzko zenbait gomendio eta irizpide jaso ditu, Sailaren eta Eudelen artean adostutakoak. Besteak beste, bular aldean EAEko armarria duen eguzki-lorea eta "Polizia" izendapena izango dute uniforme berriek, "Udaltzaingoa" ohiko izena sorbaldan idatzita egongo dela. Halere, "Polizia" jarri ordez, beste zerbait jar daiteke dagokion udalak hala irizten badio. Litekeena da neurria Berango, Getxo, Gorliz, Erandio, Leioa eta Plentzian aurrera egitea, gutxienez, aurrekontu murrizketek ez badute eragozten. Bestalde, Eudelen Zuzendaritzatik kanpo dagoen Bildu koalizioak proposamenaren inguruan hartuko duen jarrera itxaron beharko da neurria Sopelaraino helduko den jakiteko. Argazkian, Leioan neurriak aurrera eginez gero, bertako tokiko poliziek berriro "Udaltzaingoa" leloa izango lukete soinean.