Euskararen normalizazioan "erroko aldaketa" egiteko unea dela dio Kontseiluak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko urr. 3a, 16:47

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Legebiltzarrerako hauteskundeen atarian, Kontseiluak datozen hamar urteotarako hizkuntza-politikak jaso beharko lukeen edukiaren inguruko proposamena helarazi die alderdiei, "Euskararen normalizazio prozesuan eman beharreko erroko aldaketa egiteko une ezin aproposagoa" dela iritzita. Oskar Elizburu Kontseiluko lehendakariak gaur goizean Bilbon emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, euskalgintzako erakundeak "ausardiaz jokatzea eskatu die alderdiei, hizkuntza-politika eragingarria egin dezaten, berandu baino lehen. Euskaraz bizi nahi dugun herritarrak asko gara eta haiei dagokie herritarren nahi eta beharrei tamainako erantzuna ematea”. Izan ere, ohituraz, Kontseiluak hauteskunde-egitarauak aztertu izan ditu, eta ondoren, alderdiek aurkeztutako programen balorazioa egin izan du. Oraingoan, aurrea hartu eta egitarauak prestatzen ari ziren unean luzatu zaie proposamena alderdiei, horrela, herritarrei hauteskunde-kanpainan aurkeztuko dizkieten programak egokiagoak izateko aukera izango dute alderdiek. Argazkian, gaurko prentsaurrekoa / © Kontseilua.

Datozen hamar urtetarako Kontseiluak prestatutako planean, gutxienekoak ezarri ditu. Euskara hizkuntza gutxiagotua da bere lurraldean, hortaz, euskararen normalizazioak, beraz, euskarari dagokion funtzionalitatea itzuli behar dio eta zeregin horretan garrantzia handia du arkitektura juridikoak. Lehen urratsa, hortaz, euskarari estatus egokia ezartzea da. Estatus horrek euskararen alde jarri behar du balantza eta horretarako lehentasunezko izendatu behar da normalizazio-prozesuaren zehar hartu beharreko neurriek oinarri legala izan dezaten.

Bestalde, euskarak ofiziala izan behar du, harreman administratiboetan dagokion lekua irabaz dezan eta neurri horiek denek aurkitzen dute justifikazioa euskara berezkoa delako. Horrek esan nahi du berezkoa delako dela ofiziala eta gutxitua delako lehentasunezkoa.

Eta lehian dauden hizkuntzek gaur egun duten estatusa zein den kontuan hartuz, ezagutzaren unibertsalizazioa izan behar du ipar. Hori horrela egin ezean ezinezkoa izango da euskararen garapen funtzionala.

Euskararen estatus egokia, beraz, lau kontzeptuk osatzen dute: euskara Euskal Herrian berezko hizkuntza da, ofiziala eta lehentasunezkoa eta ezagutzaren unibertsalizazioa bermatu behar da. Halaber, berretsi behar dugu hizkuntza-komunitateek eskubidea dutela beren hizkuntza normalizatzeko politika definitzeko eta garatzeko inolako kanpo esku-hartzerik gabe.

Hizkuntza-politika eraginkorra

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak hitz egin du helburuen inguruan: “Kontseiluak osatutako hamar urtetarako plan honen helburua nagusia euskararen normalizaziora eramango gaituen hizkuntza-politika berri eta eragingarriaren oinarriak jartzea da. Gaur egun abian diren hizkuntza-politikek ez dute epe onargarri batean euskara normalizatzeko inolako aukerarik eta horregatik, behar beharrezkoa da pauso sendoak ematea. Hizkuntza-politika horrek bi ardatz nagusi izango ditu: euskararen zein ezagutzaren unibertsalizazioa eta espazioen euskalduntzea, ezinbestekoak baitira euskararen erabilera sozial normalizatua lortzeko”.

“Hizkuntza bat normalizatzea gizarte bera aldatzea da. Aldaketa horretan, pentsamendu eta portaerak dira motorrak. Gure kasuan, pentsamendu eraldatzaile eragingarriena euskaraz bizitzeko nahi da, izan ere, behin gure egiten dugunean ideia hori orduan bihurtzen gara eragile efektibo euskara erabiltzeko unean, beste batzuei irakasterakoan edo hizkuntza-eskubideen urraketen aurrean. Zentzu horretan, bai instituzioek bai eta herri mugimenduak ere, ideia hori ardatz duen jardun komunikatibo intentsiboa landuko dute gizarteko alor guztietan”, esan du Bilbaok.

Euskararen zabalkunde sozialari dagokionez, euskal hiztunentzat Euskal Herri osoan gizarte-espazio desberdinetan euskara erabiltzeko aukera hedatzeari muzin egin gabe, normalizazioaren sendotzea arnasguneen hedapenak emango du, dudarik gabe. Beraz, esan liteke bi direla ibili beharreko bide nagusiak: arnasguneen hedapena inguruko herrietara ezagutza handituz eta espazioak euskaldunduz zabaltzea.

Hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoa bukatzea izango da ekintza-plan honen beste helburu bat. Alor publikoan, aldiaren bukaeran, urraketa sistematikorik ez egotea da helburua eta inoiz gertatuz gero, puntuala izatea eta berehala konponbidea ematea. Alor pribatuari dagokionez, hizkuntza-eskubideen urraketarekin bukatzeko politika eragingarriaren oinarria jarriko da eskubidea arauetara eramanez.

Hizkuntza-politika eraginkorrak arauak eta diru-baliabideak behar ditu, erdi eta erdi. Diru inbertsioak egin behar dira prozesuak azkartzeko, beharrezko zerbitzuak bermatzeko, etab.

Kontseiluak osatutako planak hainbat zehar-lerro jasotzen ditu. Bakoitzean egoeraren azterketa egin da eta neurri zehatzak proposatzen ditu. Besteak beste, familia bidezko transmisioari dagokionez, adibidez, arnasguneetan etxebizitza eskuratzeko lehentasuna izango dute pertsona eta familia euskaldunek, bai eta euskalduntzeko konpromisoa hartua dutenek ere. Irakaskuntzari dagokionez, bestalde, Hezkuntza Lege berri bat egitea proposatzen da, zeinak belaunaldi berriak euskalduntzea ahalbidetuko duen eredua indarrean jarriko da lehentasunez…

Alderdi politikoei, euskaraz bizi nahi duten herritarren eskaerari erantzun egokia eman diezaioten eskatu die Kontseiluak eta herritarrei deia egin die orain arte bezala, euren euskaraz bizitzeko nahia ozen aldarrika dezaten, egunerokoan zein euskalgintzak egiten dituen deialdietan ere.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun