Larunbat honetan, urriak 6, Kontsumo Iraunkorraren VIII. Azoka ospatuko da, goizeko 11etatik 14etara Leioako Euskal Etxeen II. plazan. Erabilitako objektuen azoka duzu hau, objektuen bizitza luzatzeko lekua. "Kontsumo espiralaren aurrean, aukera paregabea da hau partekatzeko esperientzia komunitarioa bizitzeko eta beste mundu bat (benetan) posible dela frogatzeko. Zuri balio ez dizun horrek beste bati balio diezaioke: ideia xalo hori du azokak oinarrian. Kontua ez da ganbara hustutzea, erabiltzen ez duguna auzolagunei ematea edo haiekin trukatzea baizik", azaldu dute udal iturriek. Aurten, gainera, Kuboak topagunea eta eztabaida-gunea antolatzen du herritarrek parte har dezaten, Azoka horrek markatzen duen ildotik, Leioan antzeko espazio fisiko iraunkorra nola sor daitekeen aztertzeko. Espazio hori jaio zen hainbat pertsona hurbildu direlako Kuboara eskaera horrekin, eta larunbatean bertan egingo da, 12:00etan. Argazkia: ©
Leioako Udala.