Bestalde, EKE Euskal Kultur Erakundeak eta “Malandain Ballets Biarritz / Ballets T” baletak Jean Nesprias (83 urte), Philippe Oyhamburu (89 urte) eta Koldo Zabala (74 urte) dantzariak elkartzea lortu dute koreografia baten inguruan, “Oroitzen naiz” dokumentala. Hiru dantzari bikainak proiekzio-saioan izango dira, Mizel Théret, koreografia sortu duenarekin batera. Proiekzioa igandean, urriak 7, 18:00etan izango da, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan eta sarrera gonbidapenaren bidez izango da.
Asteazkenean, hilak 17, 20:00etan, Pantzo Hirigarai kazetariaren eta Kike Amonarriz telebista aurkezlearen hitzaldia izango da. Bi begirada, Bidasoaren bi aldeetatik bi aldeetara eta, humorez, besteak beste honako hauetaz mintzatuko dira: Zergatik hitz egiten dute horren ozen gipuzkoarrek? Zenbateko aldea dago Getxotik Azkainera, 150 km ala 150 argi-urte?
Man Ray artista dadaista estatubatuarrak "Emak Bakia" 16 minutuko zinepoema egin zuen 1926an, lan esperimental eta berritzailea. Miarritzen inguruko etxe batean filmatu zuen, antza denez, "Emak Bakia" izeneko etxe batean. Arrasto horren atzetik, etxe horren bila abiatu da Oskar Alegria zinegilea. "Emak Bakia Baita" dokumentala da emaitza. Lana hilaren 18an ikusi ahal izango da, 20:00etan, Algortako Torrene aretoan.
Egitarauarekin jarraituz, Egizu euskara elkartearen Irakurzaleen Txokoak antolatzen dituen literatura mintzaldietan, urriaren 23an, 20:00etan, Aldai Patronatoan, Ur Apalategiren (Paris, 1972) solasaldia izango da. Idazleak 2011n Euskadi Literatura Saria jaso zuen “Fikzioaren izterrak” liburuaz egingo du berba.
Azkenik, Elirale konpainiak haur txikiei zuzendutako ikuskizuna antzeztuko du, azaroaren 4an, 11:30ean, Villamonteko kultur aretoan. “Lodikroko”, 2 eta 6 urte bitarteko umeentzako lana da. Izen-ematea urriaren 29ra arte egin ahal izango da Sendin (685 732 963 / Lander, sendigetxo@yahoo.com helbidean).
Bi urtean behin
Jardunaldiak bi urtean behin egiten dira eta “oraingo edizioak 'hitza' izango du ardatza, eta horregatik jarduerak horren ingurukoak izango dira, transmisiorako eta elkar ulertzeko ezinbestekoa delako". "Hauek antolatzerakoan EKErekin izandako kolaborazioa eta herriko kultur eta gizarte-eragileek emandako laguntza ere eskertu nahi ditut, horiek guztiek egitaraua aberastu egin dutelako” aipatu du gaur goizean aurkezpenean Koldo Iturbe Getxoko Udaleko Euskara zinegotziak.
Zentzu berean agertu da Pantxoa Etchegoin Euskal Kultur Erakundeko zuzendaria, eta gehitu du “duela urte asko hitza eman genuen eta hitz hori ekintzak bihurtzen ari dira". "Guretzat oso garrantzitsua da Getxoko Udalarekin eta herriko elkarteekin dagoen elkarlana, horien bitartez muga psikologikoak ezabatzera laguntzen duten horrelako ekimenak aurrera eraman ditzakegulako”, adierazi duenez.