Europar Batasunaren aurrekontuko arazoengatik
Erasmus programaren bideragarritasuna zalantzan jartzen duten berriak agertu dira azken orduotan. Hori dela eta, adierazpena plazaratu du
Euskal Herriko Unibertsitateak. EHUko arduradunen hitzetan, "2012-2013 ikasturtean proiektua normaltasun osoz garatzen ari da, eta lehenengo zein bigarren lau hilabetekorako aski funts dauka". Zabaldutako datuen arabera, ia mila ikasle izango dira 2012-2013 ikasturtean Erasmus programan parte hartzen. Horietako gehienak dagoeneko Europako unibertsitateetan daude ikasten (ikasturte osorako eta lehen lauhilekorako joan direnak), eta gainontzekoak Gabonak eta gero joango dira. Egitasmoan parte hartuko duen ikasle bakoitzari 110 euro ordainduko zaizkio hilero Europar Batasunetik etorritako funtsetatik, EHUk dioenez. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Hezkuntza Ministerioak eta Kutxabankek emandako diru-laguntzak ere izango dituzte.