Ikasle Kontseiluko buruak esan duenez, "erakunde batzuek ez diote jaramonik egiten irakaskuntzaren kalitateari. Ikerkuntzagatiko obsesioaren ondorioz, bigarren maila batean uzten ari dira irakaskuntza eta irakasleen prestakuntza, eta horrek eragin oso kaltegarria dauka ikasleen prestakuntzaren kalitatean".
Hizkuntz eskubideen urraketa
Hizkuntz eskubideen arloan, euskarak duen presentzia eskasa kexatzeko gaia dute ikasleek; Castrok esan duenez, “nazioartekotzearen mantrak ezin gaitu itsutu. Ingelesa eta alemana garrantzitsuak dira, baina ezin dugu onartu gaur egun gaztelaniaz 92 master ematea, ingelesez 12 eta euskaraz 4 baino ez”. Horrekin lotuta, adierazi du euskarazko “bizitza” sustatu behar dela unibertsitate-erakundearen barruan, “ikasleek hizkuntza askatasunez hautatzeko daukaten eskubidea errespetatuta”.
Unibertsitate-garraioari dagokionez (oso gai labaina eta ikasleek maiz kritikatu egin dutena), Castroren aburuz, "ez dago unibertsitate-garraioari buruzko politika argirik, eta horrek zaildu egiten du unibertsitatera iristea".
Azkenik, bere haserrea adierazi du, etxebizitza bat arrazoizko prezioan aurkitzeko ikasleek dituzten zailtasunak aipatzerakoan; “gaur egungo egoera ekonomikoak galarazi egiten du ikasle batek, ikasteagatik, etxebizitza bat merkatuko prezioan ordaindu ahal izatea. Formula alternatiboak daudela badakigu”.