Bolueko hezegunea Gobela ibaiko ibarrean dago, ibai horrek eta Larrañazubi errekak bat egiten duten tokian. Azken urteetan, "ahaztuta zuten leku bat izatetik Bizkaiko kostaldeko erreferentziazko hezegunea izatera iritsi da ornitologoentzat".
Keltse Eiguren Getxoko Udalaren Ingurumen Arloko zinegotziak nabarmendu duenez, "berezko dituen ezaugarriei, bere kokapenari, zein bertan egindako gaztetze eta birsortze lanei esker, biodibertsitate interesgarria geratu da bertan. Biodibertsitate horren protagonista nagusienetako bat hegaztiak dira. Horiek bio-adierazle bezala erabiltzen dituzte eta hainbat azterketa lerro eta egitasmoen jomuga dira. Espezie habiagileen, negutarren eta paseko hegaztien segimenduak dira horren adibide, hegaztien eraztunketa zientifikorako estazioan erabiltzen den tresnetako bat delarik”.
Hegaztien presentzia zabala
Hezegunearen hedadura txikia bada ere, bertan interesgarriak diren hainbat espezie ikus daitezke, hala nola, lekari arrunta eta karratxina, uroilanda handi europearra, uroilanda pikart, amiltxori, koartza hauskara eta gorri, martin arrantzalea, papo-urdina, zingira-berdantza eta anatido desberdinak. Oso garrantzitsua da txori txikien komunitatea, oso aberatsa eta askotarikoa.
"Horregatik guztiagatik, Hegaztien Munduko Eguna ospatuko da Bolueko hezegunean, nahi duten guztientzat zabalik egongo den jardunaldian, hegaztien eraztunketa zientifikoa eginez. Bertan, ikerketa-teknika hori erakutsi eta komunitate horren konplexutasuna azalduko zaio jendeari, hegazti espezie asko hurbiletik ikusteko aukera ematearekin batera", zehaztu du Eigurenek.