Nestor Basterretxea: "Denboran iraun dezaten eginiko obrak dira euskaldunarenak"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko urr. 4a, 22:26

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 47. edizioa egingo da aurten eta Gerediaga elkarteak asteartean aurkeztu zuen haren kartela. Lana Nestor Basterretxea 88 urteko artista polifazetikoari diseinatzeko eskatu diote. Kartel modernoa da, ez ohikoa. Aspaldi honetan, bermeotarra teknika berria lantzen dabil eta, azaldu duen bezala, hura erabili du kartela egiteko orduan. "Telebista matxuratzen denean, kolore zoragarriak azaltzen dira pantailan. Koloreei argazkia ateratzen diet eta gero hainbat muntaia egiten ditut". Azken urteotan lehiaketa antolatu da Azokaren kartela aukeratzeko, baina oraingo honetan aspaldiko ohitura berreskuratu du Gerediaga elkarteak. Izan ere, kartela diseinatzeko Durangaldeako artistei eskatzen zieten lehen. Aurten Euskal Herri osoko sortzaileak eduki dituzte kontuan. Azoka abenduaren 6tik 9ra bitartean izango da eta, aurreko edizioen aldean, egun bat gutxiago iraungo du. "Krisiak gugan ere badu eragina. Bost eguneko azoka antolatuz gero, kalitatea galduko genuke. Beraz, ekimenak egun horietan bilduko ditugu", azaldu zuen Aiert Goenaga Azokaren zuzendariak. Argazkian, kartela, Basterretxea eta Goenaga / © Txelu Angoitia - Gerediaga Elkartea.

Nestor Basterretxea artista bermeotarrak Durangoko San Agustin kulturguneko aurkezpenaren ostean erantzun zituen Anboto.org Durangaldeko orainkariaren galderak. Hona hemen:

Zein izan da kartelaren sorkuntzan buruan erabili duzun ideia?

Erabili dudan ideia da, gure herriko sorkuntzaren azken lanak ezagutaraztea helburu duen azokan, gaur eguna eta etorkizuna daudela presente. Azken aldian lantzen ari naizen teknika baliatzea pentsatu dut. Dagoeneko erabiltzen nabilen teknika da, baina gehiago sakontzea gura dut.

Zenbat denbora daramazu teknika hori lantzen?

Sei bat hilabete eman ditut horrela lan egiten. Telebista matxuratzen denean pantailako koloreei argazkiak egiten dizkiet. Izan ere, kolore aberastasun ikaragarria dago horretan. Argazkia handitu eta collage bat egiten dut, koloreak espazio geometrikoetan sartzen ditut ondoren.

Lehenago ere sortu izan duzu kartel bat baino gehiago.

Bai, baina aurretik egin izan ditudan kartel horietan teknika ez zen bereziki berritzailea: collage-a edo marrazkia erabiltzen nuen. Euskal antzerki taldeen, liburuen eta diskoen azalerako ilustrazioak egin izan ditut. Azkena, Bedaxagar kantariaren diskoaren azala da. Asko miresten ditut poeta herrikoiak.

Kasu honetan teknika bera gehiago lantzeko aukera izan duzu?

Bai, eta horregatik izan da niretzat berritzailea. Estetika bereko dozena bat lan egin dut eta gehien gustatu zaidana aukeratu.

Esan duzunez, urteak dira Durangoko Azokan egon zinela.

Bai, bi aldiz egona naiz, eta benetan harritu ninduen azokaren dimentsioak: jende kopurua, jendeak azokarekiko duen lotura... Horrek guztiak asko harritu eta poztu ninduen. Ez nuen sekula pentsatu egunen batean azokako kartela egingo nuenik eta, horregatik, benetan ohorea da.

Zure bizitzako lanari buruzko erakusketa antologikoa prestatzen ari zara. Lanpetuta?

Bai, horretan dihardut, Bilboko Arte Ederren Museoan erakusketa antologiko bat prestatzen. Peio Agirre izeneko komisarioagaz nabil lanean. Poz-pozik nago bere izaera emango diolako erakusketari. Zaila da ukitu ditudan arlo guztiak jaso gura ditugulako: zinema, eskultura, margogintza, altzairuak... Arkitektoa izan nahi nuen, baina Gerra Zibilak eta Mundu Gerrak ezinezko egin zidaten. Nire arloan gizon kultua izatea nahi izan dut beti, eta horregatik jardun nuen arlo horietan guztietan.

Bizitza osoa eman duzu sortzen.

Beti jardun dut lana seriotasun eta interes handiagaz egiten. Arinkeriaren, fribolitatearen etsaia izan naiz. Jarrera serioa da euskalduna, denboran iraun dezaten eginiko obrak dira euskaldunarenak, lekuko izateko eginikoak. Gure sorburua egitura arkitektoniko irmoa dela uste dut.

Kartel modernoa, teknika berriagaz

Nestor Basterretxea, bost hamarkadatan artearen adierazpide anitzak jorratu dituen artista, eta Aiert Goenaga Durangoko Azokaren zuzendaria egon dira 2012ko Durangoko Liburu eta Disko Azokaren kartelaren aurkezpenean. Martitzenean erakutsi zuten, lehenengoz, Azoka iragarriko duen kartela.
Basterretxeak azaldu duenez, telebista pantaila matxuratzen denean agertzen den “kolore aberastasun ikaragarria” da karteleko irudiaren oinarria. Azken aldian pantailako forma eta kolore horietan oinarrituta dihardu bere collage erako lanak egiten.

Gerediagaren proposamena kartel moderno bat teknika berri bategaz egiteko aukera legez ikusi zuen Basterretxeak, azaldu duenez. Antolatzaileen lana nabarmendu du artistak: "Bihotzez, azoka antolatzeko egiten duzuen lana eskertzea baino ez dagokit".

Bastoiagaz eskuartean, berba bakoitza patxadaz, lasaitasunez pentsatu eta ahoskatuta egin du Basterretxeak berba. Oteiza aipatu du, eta euskal nortasunari buruzko adierazpenak ere egin ditu. "88 urte dauzkat, eta heriotzan pentsatzen dut. Baina borrokatzen jarraituko duzuela jakinda noa beste mundura. Eskerrik asko".

Egun bat gutxiago

Aiert Goenagak azaldu duenez, azken urteetako kartel lehiaketa alboratu eta Durangoko azokaren kartela artista bati enkargatu gura izan diote aurten.
Bestalde, iaz baino egun bat gutxiago iraungo du Durangoko azokak, lau, abenduaren 6tik 9ra. Aurrekontua aipatu du zuzendariak: "Krisi ekonomikoak guri ere eragin digu, eta ezin dugu bost eguneko azoka baten aldeko apustua, egin kalitatean galduko genuelako".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun