Sindikatu unionistetako buruok: Otso amorratu batekin ezinezkoa da dialogo soziala. Aitzakiarik ez: murrizketen inguruko erreferendumik eraginkorrena ondo prestaturiko greba orokor-orokorra da.
Langileok, langabeok, emakume zapalduok, etxetik kaleratutakook, etorkinok, emigrante gazteok, ikasleok, menpeko pertsonok, desgaitasuna duzuenok…: ez dago gure gizarte- eta lan-eskubideen defentsa azpikontratatzerik. Sindikatuetako buruak, beraien arteko liskar antzuak eta ego puztuak medio, gu saltzeko prest badaude, guk geuk auzoetan bat eginez eratu beharko dugu borroka.
Bene-benetan irabazi nahi badugu, etorkizuneko grebek bateratuak eta fin-fin prestatuak beharko dute izan.
Koldo Larrea Antxia "Itxina", Itzubaltzeta / Romo
Boluntarismo eta autokonplazentziatik harago, inor gutxik ukatuko du I-26ko greba Gipuzkoatik at M-29koaren murrizketa izan dela. Hain justu, etsaiaren aurrean indartsu agertu behar genuen unean gauzatu dugu ahulezia erakustaldi hori. Mariano eta enparauak maneiatzen dituzten botereek barre egiten diote gure arteko banaketari, hiriburuko kale nagusitik paseatzeak ez baitu haien ofentsiba geldiaraziko, batik bat paseo hori EAEko indar sindikalen %32 edo Nafarroakoen %54 existituko ez bailiran ematen badugu. Sindikatu abertzaleetako buruok: Nahitaez EAJren bedeinkapena beharko duen balizko Hego Euskal Herri independente partitu, espainiartu eta pijo samar baten alde egiteko merezi al du borroka-batasuna haustea eta herri honetako giza talderik ahulenak terrorista sozialen atzaparretara kondenatzea?