Hautatutako pertsonek etxean jasoko dute izendapenaren berri, Hautes-Batzordearen izenean eta Udaleko langileek emanda. Izendapenaren jakinarazpenarekin batera, egin beharreko lanei, eskubideei eta betebeharrei buruzko gida-liburu bat ere jasoko dute hautatutakoek. Liburuak, legearen arabera, mahaian ez egoteko onartutako arrazoiak egiaztatzeko bidea eta kasu bakoitzean aurkeztu beharreko agiriak ere zehazten ditu. Adibidez, gaixotasun larriagatik edo familia arazoengatik, tartean, 9 hilabete arteko edoskitzeagatik. Interesatuek erreklamazioak Bilbon dagoen Hautes-Batzordean aurkeztu beharko dituzte, bera baita horiei erantzuna emateko eskuduntza duen organoa.
Propaganda
Gaur martxan jarritako hauteskunde kanpainari begira, Hautes-Batzordeak hauteskunde kanpainari lotutako propaganda jartzeko 13 euskarri jartzea baimendu du. Lau euskarri egongo dira Areeta-Romoko hauteskunde-barrutian, zazpi Algortakoan eta bi Getxokoan.
Arauen arabera, propaganda-unitate mugikorrak 10:00etatik 21:00etara ibili ahal izango dira, zaratei dagokien mugak errespetatuz, hau da, baimendutako dezibelioen maila ez gaindituz.
Era berean, ez dago baimenduta, besteak beste, honako hauek egitea: banderatxoak, zintak eta antzekoak jartzea; pegatinak trafikoko seinaletan edo hiri seinaleztapeneko beste elementu batzuetan; banderatxoak, pankartak edo edozein elementu grafiko hesietan, balaustradetan, hormetan, lorategietan eta abarretan eta kartelak Udalak horretarako jarri dituen tokietatik at ipintzea.