Areetako Mesedeetako Amaren kaleko skate pista ixteko edo tokiz aldatzeko exijitu dio gaur Getxoko PSE-EEk Imanol Landa alkate jelkideari, "epaileek ere uste dutelako pertsonentzat arriskutsua eta kaltegarria dela". Bilboko Administrazioarekiko Auzietako 3. Epaitegiak aipatu kirol azpiegiturak sortzen duen zarata murrizteko neurriak hartzea eskatu dio Udalari,
irailaren 14an plazaratutako ebazpenaren bidez. Horretan oinarrituta, neurri horiek hartu arte "skate pistaren erabilera eragotzi" beharko lukeela uste du Luis Almansa sozialisten bozeramaileak. Epaiak berak horrela eskatzen du. EAJren Udal Gobernuak, ordea, epaiaren zati horri helegitea aurkeztuko dio eta sententzia irmoa den bitartean ez du pista zarratuko. Udalaren arabera, "auzitegiek abala eman diotela Areetako skate pistaren kokalekuari". Izan ere, eskaririk gogorrena zen ekipamendua lekuz aldatzea neurriz kanpo ikusi du magistratuak. Argazkian, 2009ko maiatzaren 20an Getxoko PSE-EEko zinegotziek eta zenbait auzokidek skate pistan parkea egiteko eskaera aurkeztu zuten prentsaurrean.