Ertzaintzak 17 urteko adingabeko mutil bana atxilotu zituen atzo eta herenegun, Itzubaltzeta / Romon gertatutako indarkeriazko lapurreta batean nahasita egotea egotzita. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak zabaldutako bertsioaren arabera, gizonezko batek aurkeztu zuen salaketa, goizaldean taberna batetik irteterakoan lau lagunek eraso egin zutela esanez. Biktimaren arabera, konortea galdu zuen erasotzaileek emandako ostikaden ondorioz eta, esnatzerakoan, diru-zorroa (300 euro) eta sakeleko telefonoa falta zitzaiola konturatu zen. Herrizaingo Sailak dioenez, gizonak eta beste lekuko batek emandako lekukotasunei esker atxilotu dituzte egun hauetan ustezko bi lapurrak. Biak ala biak polizia aurrekariak dituzte. Behin komisariara eramanda, aske utzi dituzte, epaileak noiz deitu zain. Halaber, beste bi gaizkileen bila dabil Ertzaintza.