Arratsean abiatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, 9 uribekostarrekin

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko urr. 7a, 16:13

Gaur, arratsaldeko 5:30ean, hasiko da Berriatuko frontoian Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. "BaDaGaRa" lelopean eta Audience taldeak jarritako doinupean, handik eta abenduaren 1eko finala bitartean, 38 bertsolari lehiatuko dira Bizkaiko txapela eta Euskal Herriko Txapelketa Nagusira jauzia ematearen bila. Bide horretan, parte-hartzaileen ia laurdena, 9 bertsolari, izango da uribekostarra eta hori Aitzol De Castro leioaztarrak eta Xabi Paya algortarrak uko egin ziotela parte hartzeari. Gauzak horrela, gaurko saioan Arrate Illaro Uribe Kostako txapeldun algortarra, herri bereko Imanol Uria eta Inazio Vidal leioaztarra arituko dira, Iratxe Ibarra, Xabier Enbeita eta Jone Larrinagarekin batera. Datorren igandean, hilak 14, berriz, Itxaso Payaren txanda izango da Balmasedan. Peru Vidal Uribe Butroeko txapeldun leioaztarra eta pasa den txapelketan epaileek finaletik at utzi zuten Fredi Paya algortarra Mungian arituko dira hilaren 27an. Hurrengo egunean Ekaitz Larrazabal "Katxo" algortarra izango da eskualdean jokatuko den saio bakarrean, Sopelako frontoian. Azken kanporaketan, azaroaren 4an Zornotzan egingo dena, Josu Landeta arituko da. Finalaurrekoetarako, ordea, zuzenean dago sailkatuta Jone Uria. Durangon abestuko du azaroaren 25ean. Argazkian, ALBEko hainbat kide txapelketako aurkezpenean.

Berrituko saioan arituko diren bertsolariak

• Arrate Illaro: 1989, Getxo Komunikazioa
Leioako Betiko ikastolan hasi zan bertsotan 8 urte ebazala eta 12 urtegaz Algortako Bertso Eskolan emon eban izena. Ordutik Eskolarteko txapelketetan zein Bizkaiko Txapelketan parte hartu dau. Ipar Uribeko txapelduna izan zan 2008an eta Bizkaiko Txapelketako finalaurreetara sailkatu zan 2010ean. Aurten Uribe Kostako txapelduna bilakatu da.

• Imanol Uria: 1993, Algorta, Getxo Ikaslea
Algortako Bertso Eskolako kidea da eta lehenengoz parte hartuko dau Uribe Kostako txapelketan. Orain urte bi gonbidatu moduan kantau eban eskualdeko kanporaketetan.

• Inazio Vidal: 1993, Leioa. Algortako Bertsolari Eskolako kidea da eta lehenengoz parte hartu dau Uribe Kostako txapelketan.

• Iratxe Ibarra: 1974, Markina-Xemein. Euskara teknikaria. Euskal Filologian lizentziatua. Irakaskuntzan ibili ostean, euskara teknikari legez dabil orain. Bizkaiko txapelketan finalista izan da sarri eta Txapelketa Nagusian lautan hartu dau parte. Santutxuko bertso-eskolan ibilitakoa, gaur egun Markinako bertso-eskolako kidea da.

• Jone Larrinaga: 1993, Mungia. Ikaslea. Mungiako Taket bertso eskolako kidea da eta lehenengoz abestu dau Uribe Butroeko txapelketan.

• Xabier Enbeita1978, Gernika-Lumo. Bertsolaritza irakaslea. 96ko Araba Bizkaiko txapelketatik hona Busturialdeko Txapelketa danetan abestu dau eta Bizkaikoan be danatan 2006koan izan ezik. 2008 eta 2010ko Busturialdeko txapelduna. Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eskutik Bertsolaritza irakaslea da Hezkuntza Arautuan. Gernika-Lumoko Lilibertsoko kidea dogu.

Bertsolariek egin beharreko lana
Kanporaketetan eta ordena honetan:
• 8ko nagusian ofiziotan 3na bertso.
• 8ko txikian ofiziotan 3na bertso.
• Bakarkako lana.
• Puntua emonda bertso bi zortziko txikian.
• Puntua emonda bertso bat zortziko txikian
• Kartzelako lana: Gaia emonda hiru bertso doinu/neurri librean.

Saioko irabazleak ziurtauta dauka finalaurrekoetarako pasea, gainontzekoak, puntuazinoaren arabera eukiko dabe finalaurretara pasetako aukerea.

Epaileak eta aurkezlea

Jurgi Fuentes, Ander Txakartegi, Gorka Intxaurbe, Jon Jaio, Josu Telleria eta Mirari Azula izango dira txapelketako epaileak. Ordezkoak, ordea, honako hauek izango dituzte; Nahikari Ayo itzubaltzetarra eta Iñaki Aurrekoetxea. Idazkari lanetan Miren Itziar Basterretxeak jardungo du. Aurkezpenak Leire BIlbaok egingo ditu.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren bideo-klipa

BaDaGaRa from Kopla Barik TB on Vimeo.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun