Bat nator Turp jaunarekin hainbat gauzatan. Euskaldunok ere munduarekiko dugun ikusmira adierazi behar dugu modu argian eta zehatzean, konstituzioa deitu edo beste modu batean izendatu. Euskal hiritarron kosmogonia gorpuztu behar dugu paperean ere, eta forma eman imajinario kolektiboari.
Turpek argi du zein den bidea: lehenik herritarrei galdetu eta gero herritarren borondatea gauzatzeko neurriak hartu. Estatuei dagokien bakarra da herritarren borondatea errespetatzea. Ez dago egitura estatalik hiritarren borondatearen gainetik dagoenik.
EAJren aldetik entzuten ari naizen mezua alderantzizkoa da ordea: estatua hartzen da erreferentetzat eta herritarren borondateak hari egiten dio men. Nola ulertzen da, bestela, honelako adierazpenak egitea? "proponemos un nuevo estatus sobre el pacto y la cohabitación responsable”, "ofrecemos nuestra lealtad a Rajoy", "no planteamos el divorcio sino la convivencia con España".
Begi bistakoa da EAJk Espainiarekin batera bizi nahi duela, elkarbizitza harekin konpatitu, etxe berean, gela berean eta leialtasunez jokatu Europako eskuma aterakoienarekin. "Ez, eskerrik asko" esan beharko dugu, Citröen "dos caballos" gehienetan agertzen zen antinuklearren pegata horian bezala.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.