"Ikasturte berriari hasiera emateko ordua heldu da. Hainbat kontu guztion artean argitu behar ditugu. Hurrengo ikasturtea gorpuzteko unea dugu hau", adierazi dute
Berbots Erandion Euskaraz! elkarteko kideek. Horretarako ohiko bilera orokorra egingo dute astearte honetan, urriak 9. Hitzordua 19:00etan izango da Bekoa ikastetxean (Berbotsen lokalean, 2. solairuan). Bertara agertzea "oso garrantzitsu" deritzote, hainbat kontu jorratu behar dituztelako: aurreko ikasturteko balorazioa, hurrengo ikasturteko programazioa, Berbalagun egitasmoa, 2013ko Kanpomartxo, Justuri irratia, euskara elkarteen Topagunearen kongresua eta beste hainbat kontu. Joaterik ez duenak ideiak, proposamenak eta iritziak e-postaz bidaltzerik badauka. Bestalde, denbora daukatenentzat, 18:00etan bertan gelditu dira, bilera hasi aurretik, lokala apur bat atontzeko. Bide batez, hurrengo ekitaldien berri ere eman du Berbotsek: urriaren 20an, larunbata, Etnotoponima txangoa izango dute Erandion; eta hilaren 28an, igandea, Uribe Kostako altxor geologikoa ezagutzeko berbatxangoa. Argazkian, orain bi urte Lutxanan egindako Kanpomartxo jaia.