Ikasle Abertzaleak: "Euskal Eskola Nazionala aldarrikatuko dugu urriaren 11 eta 12an"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko urr. 8a, 18:33

Datorren urriaren 11n greba orokorra deitu dugu espainiar estatuko gainontzeko nazio zapalduetako ikasle mugimenduekin batera. Urriaren 12an, aldiz, ezer ospatzerik ez dugula adierazi eta herri eskolak egingo ditugu. Honekin, Euskal Herriak behar duen hezkuntza eredu berria borrokatuko dugu, Euskal Eskola Nazionala, alegia. #11×12-a, borrokarako egunak izango dira! Euskal Herriak ez du hezkuntzaren gainean erabakitzeko eskubiderik. Ez du hezkuntza burujabe bat izateko eta garatzeko eskubiderik. Horrela, espainiar zein frantziar estatuen menpeko hezkuntza asimilatzera kondenatuak gaude euskal ikasleak. Ezin ditugu gure edukiak zehaztu, ezin gara gure hizkuntzan hezi, ezin dugu gure pedagogia eredua garatu, ezin dugu gure hezkuntza herritarra antolatu… Eta hori gutxi balitz, azken hilabeteetan, duela 3 aste konkretuki, Madrilgo PPren gobernuak, Gobernu Espainiarrak, alegia, azken urteetako erreformarik zentralistena eta basatiena inposatu nahi izan digu. Eta nola ez, urtero legez, Hispanitatea delako jai egun arrotza ospatzera behartu nahi gaituzte ere euskal ikasleak. Argazkian, mobilizazioen aurkezpen prentsaurrekoa / cc-by-sa Ikasle Abertzaleak.

Inposaketa hauen aurrean, ikasle eta abertzaleok, kalera irten eta gobernu ezberdinetatik datozkigun inposaketa guztiei gure ezezkorik tinkoena azaldu, eta Euskal Herriak behar duen hezkuntza burujabea aldarrikatuko dugu urriaren 11 zein 12an.

Urriak 11. Nazioarteko ikasle greba orokorra

Iragan irailaren 4an egin genuen publiko Madrilgo Hezkuntza Ministeriaren aurrean bertan. Urriaren 11n, espainiar estatuko gainontzeko nazio zapalduetako ikasle mugimendu ezberdinekin, elkarlanean, nazioarteko ikasleon mobilizazio eguna deitu genuen.

Nazio bakoitzeko ikasleok problematika propioak ditugu, hala da. Hala ere, Espainiar Gobernutik inposatu nahi zaizkigun hezkuntza erreforma atzerakoiak eta murrizketa ekonimiko basatiei aurre egin asmoz, elkartu eta erantzun bateratu bat ematea erabaki genuen.

Etsaia bakarra da eta izen abizenak ditu: José Ignacio Wert. Baina gurean ez dago bakarrik inposaketa eta murrizketen bidean. Bidelagun argiak ditu: Nafarroako José Iribas, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Isabel Celaá hain zuzen ere.

Ezin uka dezakegu azken hilabeteetan, azken urteetan ere, hezkuntza agintari espainolistek hezkuntza euren beharretara erabili dutela: Hello, British eta Til ereduak, Hiruele legea, Ikasleon Eskubide eta Betebeharren dekretuak, Educación para la Paz dela irakasgai zatitzailea, 2.0 proiektua, “Euskal Herria” telminoaren kontrako sorgin ehiza, murrizketa ekonomikoak, ikasgeletan ikasle kopuruaren igoera, curriculum arrotzen garatzea eta konpetentziak gobernu zentralaren esku uzteko urratsak, unibertsitate tasen igoera… Amaigabea da azken finean hezkuntzarekin egin nahi izan duten sarraskiaren zerrenda.

Honen aurrean, euskal ikasleok, nazio zapalduetako gainontzeko ikasle mugimenduekin batera, urriaren 11n erantzun bateratu bat artikulatzeko hautua egin genuen. Wert eta bere korrespontzalek ikasleon hitza ozen entzuteko ordua da. Ordua, kalera irten eta gure pazientziak muga bat daukala adierazteko.

Horregatik guztiagatik, urriaren 11n, inposatutako erreformei ez esango diegu eta Euskal Herriak behar duen hezkuntza aldarrikatuko dugu.

Urriak 12. Euskal Eskola Nazionala eraikitzera

Urriaren 11n, beraz, ez gara klasera bertaratuko, kaleak hartuko ditugu eta ozen adieraziko hezkuntza herriratzeko beharra eta ikasleon nahia. Baina inolaz ere ez gara aldarri hutsean geratuko. Grebaren ostean, hurrengo egunean, ikasleok klasera goaz!

Urriak 12an ez dugu ezer ospatzeko, bai ordea zer eraikitzeko: Euskal Eskola Nazionala. Zapalketaz beteriko garai beltz hauetan ikasleok ez gara txikitzen, ez eta kikiltzen ere. Ez dugu inolaz ere gure hitza entzungo dutenaren zain geratzeko asmorik.

Ikasleak bagoaz, bagoaz gure eskola eredua eraikitzera. Subjektu gisa aitortzen gaituen eskola, ikasleon eskubideak bermatu eta gure hitza, besteenaren antzera errespetatu eta kontuan hartuko duten ikastetxeak eraikiko ditugu. Enpresa eta merkatu kapitalistatik interesetatik urrun, herriarekin eta herriaren garapenerako lan egingo duen unibertsitateak errealitate egingo ditugu. Euskaraz ikasi eta bizitzea posible den heziketa eredu bat, parekidetasunean, elkarlanean… ez delako ametsa, ikasleok posible dela erakutsiko dugu!

Urriaren 12an klasera goaz. Ikastetxean, unibertsitatean, kalean edo gaztetxean. Auzoz auzo, nahiz herriz herri, ikasleok behar eta nahi dugun eskola aldarrikatzetik irudikatuko ditugu Herri Eskoletan. Eta Euskal Eskola Nazionala eraikitzeko bidean martxan jarriko dugu! Txikitasunean handi diren proiektuetan sinisten dugulako, klasetik bertatik ekinda egungo hezkuntza eredu inposatu, merkantilista eta patriarkarra eraldatu dezakegulako. Eta horretarako goaz klasera!

Ikasleok mila bider irauli dugu mundua! Eta oraingoan ere! Etorriko dira erasoak, inposaketa eta erreformak, mehatxu eta zigorrak! Baina guk aurrera egingo dugu, Euskal Eskola Nazionaren bidean ezerk ez inork ez gaituelako geldituko! Ikasle borrokaz lortuko dugu!

Urriaren 11n ikasleok grebara!
Urriaren 12an, Euskal Eskola Nazionala eraikitzera!

Ikasle Abertzaleak
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun