Literatur-ekimenaren helburu orokorrak hurrengoak izan dira: jendea euskaraz idaztera eta irakurtzera animatzea eta, lehenengo edizio honetan Getxoko edo aspaldi getxoztartutako argazkilariak eta euren lana sustatzea eta zabaltzea.
Testu lehiaketan 16 urtetik gorako edonork parte hartu ahal izan du; kategoria bietan: bata, SMS bidezkoa (160 karaktere gehienez) eta, bestea, posta elektroniko bidezkoa (100 hitz gehienez). Euskara batuan zein edozein euskalkitan idatz zitezkeen testuak, hori bai argazkietako batean egon beharko zuten oinarrituta. Testu mota guztiak, hau da, prosa, olerkia, bertsoa eta abar onartu dira.
Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoak egin zuen lehenengo galbahea, eta ondoren Laura Mintegi, Irati Elorrieta, Unai Elorriaga eta Iñaki Friera idazle getxotarrek osatutako epaimahaiak irailaren 10ean eman zituen ezagutzera irabazleen izenak.
Biharko inaugurazioaren aurretik, goizean, prentsaren aurrean arituko dira antolakuntzaz arduratu diren Koldo Iturbe Getxoko Udaleko Euskara zinegotzia, Lander Solozabal, Egizu Getxo euskara elkartearen izenean, eta Irantzu Sagarminaga "UK" aldizkariko zuzendaria, besteak beste.
ArgiHizkiak erakusketako argazkiak (© Kepa Acero, Gonzalo Azumendi, Ane Basagoiti, Fatima Diez, Naiara Goikoetxea, Jose Ignacio Lobo Altuna, Juan Luis Markaida, Jose Mari Martinez "Bubu", Mikel martinez de Osaba, Oscar Martinez, Konrado Mugertza, Carlos Terreros, Hodei Torres, Peru Urresti eta Pedro Zarrabeitia)