IFZ enpresa baten identifikazioa da, eta agiria eskuratzea ezinbestekoa da bankuko kontuak irekitzeko, kontratuak egiteko eta, azken batean, enpresak jarduera ekonomikoaren edozein eragiketa egiteko. Beraz, IFZ ezeztatzea eta ezeztapen hori BAOn argitaratzea, foru arduradunen hitzetan, zerga administrazio batek "zerga iruzurraren sareen aurka egiteko har dezakeen neurri gogorrenetako bat da", erakunde horiei trafiko juridikoan eta ekonomikoan jarduteko aukera guztiak kentzen baitizkie, bankuko kontu horietan eragiketak egitea barne, kontuak blokeatu egingo direlako eta ezin izango dutelako zordunketa eta ordainketa gehiagorik jaso. "Mota honetako erakundeek, gainera, Europako Batasunaren barruko eragiketetan parte hartu ohi dute, balio handiko ondasunak erosi edo inportatzeko, Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) edo erosketa horiei ezarri behar zaizkien gainerako zeharkako zergak ordaindu gabe", salatu du Aldundiak.
560 milioi euroko iruzurra
Foru erakundetik adierazi dutenez, "iruzur fiskalaren aurkako borroka etengabeko lana" da Bizkaiko Foru Ogasuneko ikuskarien taldearentzat. IFZ dokumentuen ezeztatzearekin batera, joan den irailean Bizkaiko Aldundiak lurraldean jolas makinen sektorean egindako erregularizazioa jakinarazi zuen. Lan horri esker, 85 enpresa eta 42 pertsona azaleratu dira (guztira, 21 milioi euroko iruzurra). 2011ko ekitaldia bakarrik hartuta, 560 milioi euroko iruzurra atera zuen argitara Bizkaiko Aldundiak, ustezko delituen 16 txosten bidali zituen Fiskaltzara, eta Bizkaiko zergadunen 49 milioi datu baino gehiago trukatu zituen beste zerga-administrazio batzuekin.