Eleaketik hainbatetan salatu behar izan dugu Aresen Sailak gidatutako poliziek eragiten zuten eskubide zibil eta politikoen kontrako eraso etengabea. Herri honetan hainbat eragile politiko eta sozialen aldetik normalizaziorako bidean pausuak ematen saiatzen ari garenean, behin eta berriro presoen aldeko edozein adierazpenaren atzetik ibili dira Mac Carthismoaren garairik hoberenetan bezala. Gure herrietako jaien eremuak bortxatu izan dituzte behin eta berriro presoen argazkien bila; salbuespenezko tribunalera den Audientzia Nazionalera eraman dituzte hamaika pertsona presoen eskubideen defentsan edozein ekimena aurrera eramateagatik…. eta beraien bortizkeria erabiltzeko mehatxupean bizitzen ohitu behar izan gara.
Pasa den hilabetean urtebete bete zen Kukutza gaztetxea Ertzaintzak bortizki deslojatu zuenetik, bere ametsak porrak eta piloten eraginez txikitu zituztelarik. Aresen poliziak babestu zuen, orduan, Azkuna jaunak espekulatzaileekin hitzartutako akordioa. Azkunak propietate pribatuaren defentsaren atzetik ezkutatu zen garai hartan “ametsen fabrika”rekin bukatzeko. Alkate jaunak ostrukarena egin zuen berriro ere Iñigo Cabacasen heriotzaren aurrean erantzukizun politikorik eskatzeko uko egin zuenean. Iñigoren familiak eta lagunek justizia jarraitzen dutenean eskatzen, Azkunak beste alde batera begiratzen jarraitzen du.
Beste aldetik, urtarrilera atzeratu da pasa den astean hamahiru ikasleen kontra burutu behar zen epaiketa. Bolonia prozesua Leioako kanpusean era baketsuan kritikatzeagatik izan dira auzipetuak. Honekin loturik, ezin dugu aipatu gabe utzi Campusak militarizatzeko ahaleginetan Aresek gidatzen zuen Barne Sailak jokatutako papera. Zentzu honetan, gogora ekarri behar dugu, 2009an Iñaki Goirizelaia Errektoreak eta Ares jaunak zuzentzen zuen Barne Sailak eginiko akordioa, zeinaren
arabera Unibertsitateko kamerek grabatutakoa eta poliziaren sarbidea unibertsitatera barne sailak kontrolatzen zituztelarik. Unibertsitatea ikasleak zigortzeko eszenatokia bihurtzea zen akordio honen asmoa, eta hortik etorri zaigu ikasleen kontrako epaiketa bidegabe hau.
Borobila izan da Ares jaunak antzeztutako lana. Barne Sailaren bere kargua utzi eta berak gidatutako Sailak egindako hamaika ekintza bidegabeengatik ez erantzukizun politikorik ezta judizialik onartu gabe alde egin. Duela egun batzuk, Aresek Bilduko karguei “behingoz gobernu erantzukizunak” hartzeko eskatzen zienean irribarrea ateratzea lortzen zigun bere maila goreneko zinismoarekin. Berak, gobernuko ardurak albo batera utzi dituenean, eta bere trapu zikinak beste batek garbitzeko maniobra egin duenean!
Nora garamatza ibilbide guzti honek? Euskal Herria aldatzen ari da. Jende askoren ahaleginari esker gure kaleko giroa bestelakoa da. Horregatik ez da onargarria eskubide zibil eta politikoen kontrako erasoak baimentzen dituen makinaria poliziala bere horretan mantentzea. Edozein gatazkaren erresoluzio fasean Justizia Transizionalaren barruan polizi ereduaren inguruko eztabaida mahai gaineratu beharra dago. Hori, hain zuzen ere, da ELEAKetik proposatu nahi duguna, eztabaida soziala piztea zer motatako polizia eredua nahi eta behar dugunaren inguruan. Iñigorena bezalako kasuak ez ditugulako berriro bizi izan nahi.
Euskal Herrian soluziobide demokratikoa gauzatu ahal izateko bakea eta normalizazio politikoak beharrezkoak dira. Eta eszenatoki berri horrek gatazka elikatzen duten eta eskubideak bortxatzen dituen edozein egoerak desagertzea eskatzen du.
Gure proposamena beti egongo da engaiamendu kolektibo batekin lotuta. Soilik gatazkaren konponbiderako norbanakoaren konpromisoarekin lortuko baitugu eskubide zibil eta politikoak babesteko herri harresia eraikitzea. Ostrukaren jarrera ez baita onargarria gure bizitza politiko eta sozialean.
Fernando Bilbao, Pablo Fernandez eta Mirian Campos / Eleak Bizkaia