Giza Zientzietako unibertsitate titulua ikasleok unibertsitatearen munduko kezkekin harremanetan jartzen saiatzen da, EHUko iturriek azaldu dutenez. Hautazko ikasgai batzuk edukitzeaz gain, beharrezko gaien artean honelakoak dauzkate: Historia Unibertsala, Artearen Historia, Euskal Kultura, Hizkuntza eta Literatura, Gaur Egungo Egoera Sozial eta Kulturalak, Geografia eta Ekologia, eta abar. Ikasturtea gainditzeko klasera eguneroko etortzea eta parte hartzea baldintzak dira. Eskolak EHU-BBK etxean ematen dira. Hiru solairu eta 1.839 metro koadroko eraikina da. BBK zaharberritu ondoren, Unibertsitateari utzi zion. Birgaikuntza Zazpi Kaleetako eraikin birgaitu onenari eskainitako 2000.eko Surbisa saria eskuratu zuen.
Bestalde, Giza Zientzietako unibertsitate titulua bukatu dutenentzako Helduentzako unibertsitate ikastaroak daude eta bi mailetan banatzen dira. Proiektu hori era ofiziosoan eta ikasleek bultzatuta sortu zen, titulazioa amaitu ondoren akademia jardueretan jarraitzeko gogoa erakutsi baitzuten. 2003-2004 ikasturtetik EHUk ikastaroen ardura hartu du, eta beraz, ofizialtasuna daukate. Eskolak asteko bi arratsaldetan ematen dira Esperientzia Geletako egoitza den EHU-BBk etxean.
Azkenik, ikastegiko Ikasle eta ikasle ohien elkarteak (ACAEX/EGIKE) esperientzia akademikoa luzatu nahi du Unibertsitateak onartzen dituen sei urteetatik harago. Horregatik, ikasketak bukatu dituzten bederatzi promozioek, beren kabuz eta arduraz, hainbat aktibitate antolatzen dituzte kurtsoan zehar erregulartasunez egiten direnak.