Pasa den apirilaren 11n, Uribe Kostan FM lizentzia bat izateko eskaera egin zion Eusko Jaurlaritzari Justuri irrati euskaldunak. Kultura Sailak zabaldutako lehiaketarako dokumentazio guztia Areetako postetxean aurkeztu zuen egun hartan euskalgintzako egitasmoak. Hamalau elkartek sortutako ekimenak Eusko Jaurlaritzak Uribe Kostako euskaldunei lau lizentzietatik bakarra gordetzea salatuta zuen aurreko egunean, Arrosa Sareko beste irrati batzuekin batera, baina eskualdean diren ia 100.000 euskaldun aktibo zein pasiborentzat kalitatezko irratia sortzeko asmoz, gustuko ez zuen lehiaketan sartu zen. Printzipioz, lehiaketaren emaitzak urriaren 11 baino lehen ematea aurreikusita zeukan Jaurlaritzak, baina iraila erdian, epai-mahaiari erabakitzeko beste sei hilabete ematea onartu zuen Gobernu Kontseiluak, azkenean agortu ez dutena. Pasa den ekainean, Justuriren txostenak eta beste hamaikak lehiaketan parte hartzeko baldintza guztiak betetzen zituztela jakin zen, Cope irratia bazterrean gelditzen zen bitartean.
Uribe Kosta eta Erandioko euskalgintza eta kulturgintzaren hamalau elkartek indarrak batu dituzte Justuri (tximista, bertoko euskaraz) irrati euskalduna sortzeko. Irrati hori lortzeko, auzolanean murgildu eta bazkidetza kanpainari ekin diote. Izan ere, "Uribe Kosta eta Erandioko elkarte kolektibo eta pertsona guztiek ateak irekita izango dituzte proiektuan parte hartzeko", Amaia Arriaga ekimeneko bozeramaileek adierazi zuenez. Egitasmo berriari bere ondare guztia eman zion Koska irratiak.
Ekimeneko antolatzaileek zabaldu dutenez, irratia multimedia, parte-hartzailea, euskaldun eta tokikoa izango da, komunitateari zerbitzu publikoa eman eta Euskal Herriko beste irratirekin elkarlanean arituko dena. Oraingoz honako eragileek osatu dute talde sustatzailea: AEK, Aitxu! Sopelako euskara elkartea, Algortako Bertsolari Eskola, Berbalamiñe Leioako euskara elkartea, Betiko ikastola, Bizarra Lepoan Getxoko euskara elkartea, Erandion Euskaraz Berbots!, Jose Antonio Agirre euskaltegia, Koska irratia, "UK" aldizkaria, Ukberri.net, Plaza Beltza kulturgunea, eta Aztibegia eta Talaieta irratizaleon elkarteak.