Zehazki, Sakonetan, lau gunetan egin dira lanak. Alde batetik, Barandiaran Institutuko patioa hobetu da kanpoko ur filtrazioak mozteko; horretarako, aurreko asfaltoaren ordez, asfalto-ehuna, armadura-sarea eta hormigoia jarri dira. Rokodromora sartzeko eskailerak ere hobetu dira. Beste alde batetik, bi igerilekuetako pitzadurak eta erabileraren ondoriozko beste akats batzuk konpondu dira. Azkenik, aldagela hezeko lurzorua berriro jarri da eta sabaia konpondu; aldagela lehorrean, aldiz, aireztatzea hobetu da kondentsazioa ekiditeko.
Sarrienan, berriz, zelai desberdinetako aldagela eta dutxetan aireztatzea hobetu da kondentsazioa ekiditeko, paramentu bertikalak aldatu dira, ateak konpondu dira eta argiteria hobetu. Eserlekuak, futbol-ateak eta zelaien estalkiak ere konpondu dira. Azkenik, belar artifiziala jarri da zelaiko perimetroko espaloian, hesirik ez dagoen lekuetan, istripuak ekidite aldera.
Pinosolo itxita
Azkenik, beste gai batzuei begira, aisialdirako Pinosoloko kanpoko igerilekuak ere itxi dira uda amaituta. "Aurten errekorreko datuak dauzkagu: 52.441 erabiltzaile ekaineko erdialdetik hasita irailaren erdialdera arte, hiru hilabete guztira", adierazi du Arruebarrenak. Guztirako kopuru horretatik, 33.579 bazkideak izan dira, eta 18.862 sarrera erosi dutenak, alkatearen hitzetan. Eta igerilekuak datorren urteko udara arte itxi badira ere, zazpi padel-pista estaliek eta tenis pistak zabalik jarraitzen dute, urte osoan zehar. Padel ikastaroak hasi dira dagoeneko, eta bete-beterik daude.