Bizarra Lepoan euskara elkarteak eta Getxoko Udalak udalerriko ondare etnografikoa eta toponimia ezagutzeko lau ibilbide antolatu dituzte berriro. “Helburua herriko toponimiaz gain, inguruotako arkitektura, paisaia, fauna, flora, ondare arkeologikoak, lanbideak eta ondarea orokorrean ezagutzera ematea da”, azaldu du Koldo Iturbe Euskara zinegotziak. Lehenengo ibilbidea, “Betiko Getxo” izenekoa, bizikletaz izango da igande honetan, urriak 13, 09:00etan eta hasiera eta amaiera Andra Mari elizan izango da. Arteaga/Diliz, Saratxaga, Azkorri, Atxagana eta Tunelboka tokietatik igaroko dira. "Ibilbideak euskaraz izango dira baina, ohi bezala, joaten den edonork ez du arazorik izango azalpenak ulertzeko, maila parte hartzaileen arabera egokitzen saiatzen baita", azaldu dute udal iturriek. Hiru ordu inguruko ibilbideak izatea aurreikusten da, erritmo lasaian. Informazio gehiago lortu nahi duten pertsonek edo izena eman nahi dutenek 688 635 350 telefono zenbakian edo getxo.toponimia[abildua]gmail.com helbidean egin dezakete. Argazkian, lehenengo irteera bizikletaz ere egingo dute / cc-by Egizu Getxo Euskaldun!
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!