Ondorioz, erreformak Estatuko konpetentziak handitu eta Euskal Herrian curriculum propioak garatzeko ezintasuna areagotzen du. Ikasketa emaitzak baliabide ekonomikoekin lotzen dira, baliabide ekonomikorik ez daukaten ikasleentzat getoak sortuz. Horretarako zentroen finantziazio pribatuari ateak ireki eta finantziazio publikorako emaitzen araberako irizpideak markatzen dira, besteak beste. Eta hau gutxi balitz, hainbat mekanismo ezartzen dira “ikasteko balio duten eta balio ez duten ikasleak” txikitatik bereizteko.
Aipatzekoa da lanbide heziketa “dual” deitu duten horren emaitza: ikasleen heziketa enpresen esku uzteak ikasle horiek gazte-gaztetatik doako langile bihurtzea ekarriko du.
Lan munduan aplikatzen ari diren erreformen azken helburua esku lan merkea lortzea bada, hezkuntza erreforma honen azken helburua esku lan hori, merkea ez ezik, ezjakina eta ezikasia ere izatea da, heziketa elite gero eta txiki baten eskura mugatuta.
Hezkuntza eredu frankista, elitista eta baztertzaile honen kontra egiteko Euskal Herriko ikasle mugimenduak, espainiar Estatuko beste nazio zapalduetako ikasleekin batera, ostegunerako deitu duen ikasle grebarekin bat egiten du LABek. Honela, langileriari dei egiten diogu langile belaunaldi berria izango diren ikasleekin batera mobilizatzera.
Euskal Herrirako bestelako eredu ekonomiko eta sozial bat eraikitzeko, benetako herri burujabetza izateko, ezinbestekoa eta funtsezkoa den erronka dugu esku artean: hezkuntza sistema publiko, unibertsal, doako, euskaldun eta partaidetzan oinarritutakoaren alde lan eta borroka egitea.
Urriaren 11n ikasle grebaren baitan antolatuak dauden mobilizazioekin bat egingo du LABek eta Ainhoa Etxaide buru dela, sindikatutik ordezkaritza joango da Bilbon egingo den manifestaziora.
LAB sindikatua