Ostegunean hasita eta urriaren 21era arte, Getxo euskal antzerki-ekoizpenaren erakustoki bilakatuko da 30. Antzerki Jardunaldien eskutik. Aurten genero guztien eta publiko guztietarako
13 antzezlan eskainiko dituzte beste horrenbeste euskal antzerki taldek. Horietako bost helduentzat, beste bost haurrentzat eta gainerako hirurak adin guztientzat. Antzezkizunak bi gunetan izango dira: Areetako Andres Isasi Musika Eskolan eta Algortako Telletxe plazan. Horrenbestez, helduentzako eskaintza osatzen dute "Bodologuak", "Este mundo nuestro" eta "La lechuga" komedia lotsagabeek eta kaleko bi ikuskizunek: "Sustraiak" eta "Wolves", horietako azkena efektu bereziz josita. Haurrei dagokienez, aukera zabala izango dute: batetik, "Txarlestrup" eta "Txangoa" pailazo eta zirku-antzerki lanak, eta bestetik, "Blue Bird" eta "Printzea eta ahatea" txotxongilo ikuskizunak. Halaber, txikienentzako kaleko ikuskizun bat ere egongo da, "Zoozom". Horretan zoologiko dibertigarri bat plazaratzen da eta gaztetxoek animaliena egin ahal izango dute. Azkenik, jardunaldien egitaraua adin guztientzako "Amor ciego", "Carneros" eta "Así y restar" kale ikuskizunek borobiltzen dute. Azken horietako biek dantza eta antzerkia uztartzen dituzte. Aurtengo eskaintza antzerkizaleak aseko dituela espero dugu, bai eta antzerkiaren magiarekin lehenengo aldiz topo egiten duten gainerakoak ere. Ohi bezala, Andres Isasi Musika Eskolako saioak ordainpekoak izango dira eta gainerakoak, doakoak. Sarrerak salgai daude BBKren orotarako kutxazainetan, 944 310 310 eta 944 914 080 telefono zenbakien bidez, www.bbk.es webgunean eta Algortako Kultur Etxean (Villamonte, A-8). Argazkian, Simulacro talde getxoztarraren "Sustraiak" antzezlana / © Getxoko Kultur Etxea.