Erandion zabaldu zuten moduan, Gazte ZukGua prozesu eratzailearen barruan hainbat lan aurreratu dute gazteek dagoeneko. izan ere, "amesten dugun etorkizuneko Euskal Herriaren" zirriborroa adostu dute. "Askea eta sozialista, independente eta feminista, eta berde eta internazionalista" izan behar du, haien ustez, "azken finean, Euskal Herri iraultzailea, Euskal Herri ezberdina".
Bide horretan, harro agertu dira "ezberdintasun hori jadanik lantzen hasiak" direlako eta "harreman dinamikaren bitartez" haien berri izan dutelako gazteek. "Kaleak astindu ditugu harreman naturalak garatuz", gaineratu dute.
Baina, udan ere egindako lana izan zuten aipagai: "nork ez ditu ikusi Itzubaltzeta / Romon izar polemikoak? Eta Leioan fruta iraultzaileak? Ikusi denez, ez dugu uda bulego ilunetan pasata, kanpora begirako lanari ere garrantzi handia eman diogu", azaldu dutenez.
Baina orain, Euskal Herriko egoera orokorra, ziklo politikoa eta gazte estrategia daukate mahai gainean herrietako gazteek, "norbanakotik kolektibora" joan nahi duen prozesu dinamikoan. Eztabaidetan gazte orori egin diote parte hartzeko gonbitea.