Josu Gotzon Landeta: "Bake Nobel Sariari estolda usaina dario"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko urr. 12a, 22:04

Urriaren 12ari tristezia dario, gure handikiek ehunka urtetan izandako genozidioari ospakizun tankera ematen diotelako, ezin harroago. Aurtengo data txarto seinalatuan jai inposatuaren harlauza eta egunean zehar izan genuen egun goibel euritsuaren pisua pairatu izanaz gainera, hedabideetan Bake Nobel Sariaren erabakiaren berri ere izan genuen, Suediako erakunde ezkutu horrek Europar Batasunari eskaini diola iragarririk. Epaimahaikoek erakunde horrek Europako bakean eta elkarbizitzan aurrerapausoak lortzeko egindako lana goraipatu du baita kontinente zaharrean demokrazia eta giza eskubideak ezartzen egindako lana ere. Bereziki bigarren mundu gerrako sufrimendu latzen ostean egindako baketze lana, eta Europar Batasunean sartzekotan ibili diren lurralde horietan demokratizaziorako oinarriak jarri izana azpimarratzen dituzte, eta arrazoi guztien gainetik giza-eskubideak bermatu izana. Argazkian, Josu Gotzon Landeta.

Itxuraz berba dotore eta apain horiek izaera garbi eta gardena dute, baina ur horiek nondik datozen begiratuz gero gauzak bestelakoak direla ohar gaitezke. Historiari begira erromatar inperioaren sasoietatik hasi eta bigarren munduko gerrara arte, Europako urak odolez zamaturiko kolore lohia izan dute, eta argi erakusten digute kontinenteak ez duena zertan harrotu. Ohartu besterik ez dugu Eliza Katolikoak Jainkoaren Izenean egindako sarraskiak, mundu zabaleko hainbat lurraldek jasandako inperialismo bortitza (egun oraindik dirauena), eta agintari ustez demokratiko eta bakezale batzuen konplizitatearekin hogeigarren mendean munduak ezagutu duen gerrarik bortitzena eragin zuen faxismoren oldarraldi lotsagarria besteak beste. Oro har, munduan gerra zer den inork erakutsi badu, Europa izan da horretan irakasle aparta, eta mundu mailan sortu diren hainbat eta hainbat hiltzaile odoltsuk haren ereduari jarraiki jokatu dute.

Ur haiek iraganik, antza denez orain Europar Batasunak bere iraganari uko eginik giza eskubideen aldeko hautua egin duela sinetsi behar dugu. Eta giza-eskubideak bermatzearen kontua da harridura gehien sortu diguna, ez bere iraganarengatik bakarrik egungo jokabideek erakusten diguten lagin tamalgarriengatik baino. Hala da ze, inguruari begiraturik ez dugu harrotzeko moduko arrazoirik topatzen, bai ordea ondoren aipa daitezkeen sumintzeko zergati ugari, gizalegea duen oro lotsaren amantalaz apain dezaketenak.

Hasteko Europako jokabide inperialista zaharrak bizirik dirau. Aurreko mendeetan Amerikan, Afrikan eta Asian lur eta ondasunak arpilatzeari ekinez, bere biztanleriaren harribitxirik baliotsuenak harturik miseriaren jantzia eramatera kondenatu zituzten. Noizbait lurralde haiek bere independentzia erdietsi zuten (inork eman barik haiek odol eta izerdiz hartu zutelako), baina oraindik europar bankari eta enpresa erraldoien menpean behin betiko zorraren kateaz loturik bizi dira, egunetik egunera mandatariak aberatsago eta bertako biztanleria pobreago izanik. Eta miseria horren muturrean, horra hor Somaliako kosta lurralde aberatsen zabortegi bihurturik, zabortegi bat non bertako biztanleriak bizitza duina egiteko aukera txikienik ere ez duen. Eta hori dena Europar Batasunari esker.

Aipatutako lur zigortu horietako milaka emakume, gizon eta ume, miseriari alde egin guran, euren lurretatik ihesi Europako jabe berrien zerbitzura lan egin beharrean dabiltza, euren familiei elikadura eta bizitza duina eman beharrez. Horren aurrean Europako demokrata horiek besoak zabalik hartu ez, eta inon diren atzerritartasun legerik baztertzaileenak aplikatuz gupidarik gabe zigortzen dituzte, lur aberatsen jendartearen estoldetan erdi ezkutuan bizitzera kondenaturik, edo kasurik txarrenetan euren lurraldeetara bortizki kanporatuz. Lege horiek hango biztanle xumeok hegoaldeko itsas harresitik txalupa xumeagoetan pilarazten dituzte, eta horietatik asko ur handien bazka anonimoak izaten dira. Eta hori dena Europar Batasunari esker.

Urteotan aberatsek sortutako krisiaren erauntsiak kolpatzen gaitu. Diru faltaren aitzakian, europar estatuek langileok hainbat urtetako borrokan eta izerditan lortutako eskubide horiek murriztuz dabiltza, aberats eta pobreen arteko amildegia sakonago eginez. Errealitate horri erreparatuz Grezia icebergaren muturra baino ez da izan, alemaniar osaba aberatsaren agindupean haren atzetik Europa hegoaldeko estatuen gainbehera trenbide berberetik sartzera baitoa. Lurralde horietan bakarrik ez ,eta Europar Batasuneko beste guztietan ere langileok esklabutza berri batean murgilduko gaituzte, eta horrek atzera bueltarik ez du izango inoiz islandiarren tankerako irtenbidea hartuko ez badugu. Gaur egun legeek babestu barik kolpatu egiten gaituzte, edozein gobernu eta agintari gidari eredugarri baino aurrera egiteko traba baita, enborrak bide erdian bezala. Eta hori dena Europar Batasunari esker.

Eta azkenez Euskal Herria eta Europako beste nazio txikiei begira diezaiegun. Izatez Europar Batasuna nazio zapalduen bilkura eta babesleku izan behar zuen, eta horretan sinetsi eta sinesten dute oraindik gure herriak ahots propioa izatearen aldeko gizaseme batzuek. Aitzitik urteak igaro ahala, tristeziaz ikusten dugu Europa mailako bilkura hori estatu zapaltzaileek bere nahi erara gidatzen dutela, gure nazio txikiak gero eta zapalduago, gero eta gordeago bizi behar izanik. Euskaldunon kasuan, Frantzia eta Espainiar estatuek gure aurka darabiltzaten salbuespen legeek Europan zilegitasuna eskuratzen dute, batetik euskarari eragiten dioten etnozidioari izaera ofizial eta unibertsala emanik, eta bestetik euskal iheslariak inon diren euro-aginduen zurrunbiloan gatibaturik espainiar borreroen ziegetara igorririk. Eta hori dena Europar Batasunari esker.

Eta baten batek esan dezake hori guztia egia izanik ere, munduko gainontzeko lurraldeetan giza-eskubideak, askatasuna eta bizitza mailan egoera tamalgarriagoan bizi direla, eta ez dugula daukagunaz kexatzerik. Horien alde Europako biztanleriak beste hainbat lekutan ez dagoen heldutasun bat eskuratu duela esan nezake, baina ez dezagun ahaztu heldutasun hori hainbat gerra eta iraultza odoltsuren irakaspen garratzaren ondorioz egundoko ahaleginez eskuratu dugula, eta ez gure estatu zapaltzaileek edo orain goraipatzen den Europar Batasunak erdietsirik, haiengatik balitz oraindik erdi-aroan geundekeelako.

Horra hor Europar Batasunaren jokabidearen lagin txiki lotsagarri bat, garbitzaile alfer eta maltzurrak zikinkeriarekin egiten duen legez alfonbraren azpian gorderik. Dena dela, alfonbra horrek ez du handi-mandiek gura luketen itxura txukunik erakusten, azpiko kakari eutsi ezinik alboetatik zaramaren presentzia ezin ez baitu ekidin. Alfonbra azpiko kaka ezkutatze horretan Suediako akademia txit gorenaren konplizitatea agerikoa ikusirik, lotsatzeko beldurrik gabe ondoko hau esan dezakegu: bake nobel sariari estolda usaina dario.

Josu Gotzon Landeta irakasle getxoztarra
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun