Bigarren Kongresuan mugimenduaren antolakuntza, finantzazioa eta jardunarekin lotutako eraldabideak (jarduera eraldatzeko proposamenak) aurkeztu ditu Federazioaren Zuzendaritza Batzordeak, eztabaidarako. Gogoeta prozesu parte hartzailea antolatu da bigarren Kongresurako, aurkeztutako eraldabide proposamenen arteko aukera Federazioko kide guztien parte hartzearekin egin nahi baita. Euskal Herrian zehar kokatuta dauden euskara elkarte guztiei aurkezpenak egin zaizkie lehen fase batean eta jadanik dokumentuen azterketan barneratuta daude elkarteetako ordezkariak, hurrengo asteotan eztabaidagai izango dituzten proposamenak aztertzen.
Azaroaren 17a hautatu da Kongresuari amaiera eman, eraldabideak onartu eta praktikan jartzen hasteko egun modura. Bilboko Euskalduna Jauregian egingo den biltzarrean mugimenduarentzat gogoeta sakonerako aukera eman duten bi urte eta erdiko prozesu sakonari bukaera emango zaio. Mugimenduko kide guztiei bertan parte hartzeko gonbidapena egin die Federazioko Zuzendaritza Batzordeak.
96 elkarte
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa 1997an sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 96 euskara elkartek osatzen dute. Elkarteon zein Federazioaren beraren helburua euskaldunon hizkuntza komunitatea indartzea da, euskararen erabilera sustatuz eta motibazioan eraginez. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea.