Joxe Iriarte "Bikila": "Itxaropen garaiak"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko urr. 13a, 19:43

Hondamen egoeratan salbu (hau da, egoera iraultzaileetan, instituzio zaharrak kolokan dabiltzanean eta, aldi berean, oldartutako gizartearen barne-muinetik oraindik nagusi den boterea ordezkatzeko asmoz kontrabotere organismoak sortzen direnean), borroka sozialak, indartsua bada ere, eremu politiko instituzionalean islatua behar du izan. Langile eta herritarren greba orokorrak Grezia, Frantzia, Italia, Portugal, Espainia eta Euskal Herrian, horietako batzuk konfrontazio maila handikoak; demokrazia faltagatik haserretuen oldartzea, M-15 mugimendua bezala... horrek guztiak panorama politiko soziala errotik aldatu du. Haatik, gutxitan lortu ahal izan dira helburuak, neurri batean patronalaren eta gobernuen indarragatik. Baina baita ere (salbuespen ohoragarriak aparte) zuzendaritza sindikal europar eta nazionalen hutsaltasun estrategikoagatik eta ezker aldetik borrokak eskatzen zuena eremu politiko elektoralean islatzeko ezintasunagatik. Argazkian, Joxe Iriarte "Bikila" Gorripideako kidea Akonkaguako tontorrean (6.959 m) / copyleft Gorripidea.

Ahalegin horien segidan, borroketan beste bultzada indartsu bat emango balitz ere (M-15en modukoa, edo instituzio parlamentarien aurrean egindako elkarretaratzeak Madrilen edo Atenasen modura, edo dudarik gabe sortuko diren bestelako moduetan ere), uste dugu nekez eratuko dela masa eragina duen ezker eraldatzailea, hauteskunde mailan ere, modu batez edo bestez, zer ikustekoa izango ez duenik.

Denbora politikoen desinkronizazioaren paradoxak, M-15en indar-une goren batean PPk bere garaipen elektoral nabarmena lortzeak agerian jartzen du polarizazio bat eman daitekeela kalearen eta hautestontzien artean, eta eskuinak garaile izaten jarraitzea ezkerreko alternatiba politikoen faltan.

Krisi honetan, mota desberdinetako krisiak pilatzen ari dira. Akumulazio eta gainprodukzioaren krisia; finantzarioa; klimatikoa eta ingurumenarena; zaintzaren munduarena; dominazio politikoaren modu tradizionalena ("Ez gaituzue ordezkatzen" oihuak horren lekuko); eta Estatu Espainiarrari dagokionez, erantsi beharra dago Trantsizioan diseinaturiko egitasmo nazional espainiarren (autonomien estatua deiturikoaren) krisia.

Baina krisiak ez du denetan eta guztiengan modu berean eragina izaten. Kapitalismoak eta bere instituzioak populazioaren gain ari dira botatzen ondorioen zama, nahiz eta krisiaren jatorria instituzio finantzarioen eta bereziki bankaren diru-gosea, espekulazioa eta kontrolik eza izan. Gainera, globalizazioa eta instituzio europarretan nagusi den eredu neoliberala jadanik mugatuak zeuden askatasun demokratikoen geroz eta degradazio handiagoa eta indarrean dauden instituzioen (estatuak, autonomiak, udalak) soberaniaren murrizketa nabarmena ematen ari da.

Eta hori dena areagotua PPk (Erkidego Autonomikoaren eta Nafarroako Gobernuaren konplizitatearekin) murrizketak aplikatzeko era basatiarekin. Neurri horiek sorraraz dezaketen shock egoera erabiliz ere, estatuaren zentralizatzeari bultzada handiagoa eman nahi dio, juridikoki eta instituzionalki ez dagozkion eskumenak bere gain hartuz.

Testuinguru honetan, boterearen eta boterea sostengatzen duten alderdien aldetik esaten digute beraien egitasmoak (eskubiderik gabeko langile klasearen ustiaketa basatian eta baliabide energetiko mugatuen eta ingurumenaren suntsitzailea izango den politika hiperdesarrollistan oinarrituriko balizko hobekuntza) aurrera atera arte beste alternatibarik ez dagoela etsitzea eta sufritzea baino.

Baina bestelako alternatiba badagoela baietsi nahi dugu. Fabriketan, kaleetan, enparantzetan benetako demokrazia exijituz marrazten ari dena; beste modu bat politika egiteko, beste modu bat produzitzeko, kontsumitzeko, generoen arteko bestelako harremana, bestelako harremana naturarekin, beste modu bat justizian eta gatazka odoltsuen biktima guztien erreparazioan oinarrituriko bakea eraikitzeko, autogobernu modu berri bat. Hau da, herri burujabe izanik, norekin bizi, elkartu eta zein modutan libreki erabakitzeko ahalmena duen herria. Adibidez, gainontzeko nazioekiko berdintasunean, langile eta herrien zerbitzura eraikitako Europa berri batean.

Gasteizko Parlamenturako datozen hauteskundeetan, EH-Bilduk lorturiko emaitzak norabide horretan urrats garrantzitsua izatea da gure itxaropena. Esperantza horren oinarria da, alde batetik, ezkerreko soberanismoaren sektorerik garrantzitsuenak eta murrizketa politiko-sozial eta kulturalen aurkako erresistentziaren botorik gehienak batzeko duen ahalmena; eta, bestetik, orain arte nagusi izan den alderdi bitasunari, hau da, funtsezko auzietan desberdintasun askorik ez duten egitasmoen alternantziari amaiera emateko posibilitatea irekitzen duelako.

Itxaropen hori praxi politikora ere zabaltzen da. EH-Bilduk, biltzen dituen indarrengatik, konfiantza ematen digu klientelismoari, usteltzeari, herritargoa gutxiesten duen agintekeria instituzionalari, emandako hitza jateko joerari (hitza hitz!) eraginkortasunez aurre egingo diola.

Hitz batez. Itxaropena dugu interes propioen, legalitateen, botere ekonomiko eta politikoen ezarpenen gainetik ordezkatzen dituen klase eta gizatalde herrikoien interesak jarriko dituela, sindikatu eta mugimendu sozial borrokalariekin batera ibiliz. Horren guztiaren itxaropenean eskatzen dugu EH-Bildurentzat botoa.

Joxe Iriarte "Bikila", Julia Monge, Iñaki Martin eta Josu Perea Gorripideko kideak
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun