Bizkaiko Aralarrek uste du instituzioek –Udaletik hasi eta Hauteskunde Batzordera arte, eta batez ere Jaurlaritzako Barne Sailak– atzo Bilbon egindako ekitaldi falangistaren harira izan zuten jarrera erabat onartezina dela. Herritarren adierazpen askatasunari mugak ipini dizkiote behin baino gehiagotan erakunde horiek, kale istiluak gerta daitezkeela argudiatuta; muga horiek areagotu egin dira beti hauteskunde garaiotan. Hala ere, oraingo honetan mutu geratu dira frankismora bueltatzea aldarrikatzen duten horien aurrean. Eta guztiek aurreikusten zituzten kale istiluak ere ez dira argudioa izan mugak jartzeko. Gainera, ekitaldi faxista horren aurrean beren kontrakotasuna agertu zutenen aurka egin zuen Poliziak. Bitxia da atxilotu guztiak antifaxistak izatea, eta istiluak eragiten dituztenak –faxistak– inolako arazorik gabe etxera bueltatzea, nahiz eta asko izan harrapatu zizkieten armak. Argazkian, Espainiako falangistak, tradizionalistak eta ultraeskuineko karlistak babestu zituen Ertzaintza / ©
Bilboko Branka.