Ekologistak Martxan: "Prestige: arduradun politiko nagusiak erruztatuen aulkitik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko urr. 15a, 15:48

Ekologistak Martxanen ustez asko dago garbitzeko eta arazteko. 10 urte beranduago, zenbait arduradunen kontrako epaiketa penala hasiko da, txapapoteak ekosistemak eta politikariak zikintzen jarraitzen duen bitartean. Azaroaren 13an, 10 urte beteko dira Prestige petrolio-ontzia bitan zatitu zenetik, Galizia parean 77.000 tona fuel-olioko marea beltza eraginez, Asturias, Kantabria, Euskal Herrira eta Frantziako hainbat eskualdera ere hedatu zena. Hamarraldi bat milaka lagunek boluntarioki mono zuriak jantzi zituztenetik, hondartza eta amildegietatik masa beltz eta likitsu hori garbitzeko, administrazio arduradunen pasibotasunaren aurrean. Hamarkada bat joan da gezur eta gaitasun eza sorta batek gogora daitekeen hondamendi ekologiko handienetako baten ondorioak larriagotu zituenetik. Urtemuga honek bat egingo du delitu ekologikoa egotzita epaiketa penalaren hasierarekin, baina arduradun politiko nagusiak ez dira erruztatuen aulkian eseriko. Argazkian, Prestige itsasontzia suntsitzen / © Ecologistas en Accion.

Epaiketa penalean, urriaren 16an, bihar, hasiko dena Coruñan, petrolio-ontzi zaharraren kapitaina, Apostolos Mangouras, bi ofizial eta Merkataritza-itsasketako orduko zuzendari nagusia, Jose Luis Lopez Sors, daude erruztatuta, azkena izanda Administrazioaren ordezkari salatu bakarra.

Ofizial bakoitzarentzat 5 eta 12 urte bitarteko kartzela zigorrak eskatzen dira, baliabide naturalen eta ingurumenaren kontrako delituengatik, gune natural babestuetan kalteak eragiteagatik eta agintaritzari desobeditzeagatik, hala nola gaitasungabetze berezia eta isuna.

Jose Luis Lopez Sorsentzat 4 eta 5 urte bitarteko kartzela zigorra ingurumenaren eta baliabide naturalen kontrako delituagatik, ontziaren kudeaketaren inguruko eta hasierako istripuaren ondoren kostaldetik urruntzeko erabakiek arrazoituta.

Era berean, 2.200 milioi euro baino gehiagoko kalte-ordainak eskatzen dira kaltetuentzat, Espainiako Estatua barne, hala nola kalteturiko ingurumena leheneratzeko. Kopuru hauen erantzule zibil The London Steam-Ship Owners Mutual Insurance Association Limited eta Hidrokarburoengatiko Kalteen Kalte-ordainaren Nazioarteko Funtsa (Fidac) agertzen dira, hala nola Mare Shipping Inc, Universe Maritime LTD erakundeak eta Espainiako Estatua bera.

Arduradun politiko nagusiak erruztatuen aulkitik at

Baina ez dira eseriko erruztatuen aulkian arduradunetako asko, guk haien izenak eta hitzak gogoratzen baditugu ere, oroimenean txapapoteak zikinduta jarraitzen dutenak:

• Jose Maria Aznar, Gobernuko presidentea. "Uste dut oso gutxi frogaturiko alarmismoak daudela”. "Gezurra diote kaskoak petrolioa galtzen duela frogatuta dagoela uste dutenek".

• Mariano Rajoy, Gobernuko presidenteordea. "Gauzak dezente ondo egin dira. Ontzia zentzuzko eta zuhurtasunezko distantziara hondoratu da". "Prestigen geratzen den fuela solido bihurtu beste aukerarik ez dago". "Coruñako zati garrantzitsu bati eragiten dio, baina ez da marea beltz bat, oso orban mugatuak dituena baizik". "Prestigeko fuela Galiziak jasandako isuri guztien artean toxikotasun gutxiena daukana da". "Haritxo txiki batzuk irteten dira, zehazki 4 xirripa daude, plastilina itxurarekin, solido bihurturiko luzatze bertikalean".

• Miguel Arias Cañete, Arrantza ministroa. "Prestigeren erremolkearekin ekidindako hondamendi ekologikoak urteetako lana ekarriko zion arrantzaren sektoreari bere burua suspertzeko". "Isuria kontrolatuta dago. Ez da ondoriorik egongo herri arrantzaleentzat, ezta itsas espezieentzat ere, agintaritzen esku hartze azkarrari esker". "Kalkulatzen dut 15 egunetan gune debekatuak ireki ahal izango zaizkiola arrantzari".

• Francisco Alvarez Cascos, Sustapen ministroa. "Modu koordinatu eta zuhurrean jokatu da hondamendiaren aurrean".

• Jaume Matas, Ingurumen ministroa. "Nik ez dut ikusten inolako sumin sozialik Prestige dela eta".

• Arsenio Fernandez, Espainiako Gobernuko ordezkaria Galizian. "Ziurrena da fuelak ez ukitzea Galiziako kostaldea". "Mareek urrundu egingo dute petrolioa gure kostaldeetatik". "Hondora joandako fuela solido bihurtuko da tenperatura baxuen ondorioz, eta han geratuko da betiko".

• Manuel Fraga, Galiziako Xuntako presidentea eta jada zendua. "Badirudi zenbait konplikazio dituen fuel aldaera bat dela".

Garcia Bobadilla, Xuntako Naturaren Kontserbazio zuzendaria. "Ez da marea beltz bat, baizik eta isuri bat, fuela baita, eta ez petrolioa".

Hamarraldi bat beranduago, horietako batzuek zuzendaritza politiko goreneko postuetan jarraitzen dute (nabariki, Mariano Rajoy eta Miguel Arias Cañete), beren gain erantzukizun kuotarik, ez eta kosturik ere, hartu barik beren erabakiekin sortzen eta areagotzen lagundu zuten kalte larriarengatik.

Ingurumenaren gaineko ondorioek eta hondamendiaren arrazoiek bizirik jarraitzen dute

Eta hamarraldi bat beranduago, oraindik dago txapapotea gure hareatza eta itsas hondoetan lurperatuta, kutsatuz ondorio kronikoak eraginda ekosistema hauen gainean. Galiziako kostaldearen leheneratzeko gaitasunak kutsaduraren fase akutua dezenteko epe laburretan konpontzea ahalbidetu bazuen ere, ondorioek ingurumena kaltetzen jarraitu dute, eta azterketa desberdinek adierazten zuten elikadura-kateetan produktu toxikoak pilatzeak zuzeneko heriotzak berak baino larrikiago eragin ziezaiekeela zenbait fauna biztanleriari.

Egun, azterketa serio eta epe ertain eta luzerako jarraipen egoki ezak eragotzi egiten du hondamendiaren guztirako eta benetako irismena ezagutzea. Jakina dena da oraindik onartzen eta toleratzen direla Prestigeren hondamendia eragin zuten jardunbideetako asko, aldizkako itsas kutsadura fenomenoak eragiten dituztenak. Eta jakin ere badakigu gure garapen eredua sekulako petrolio kopuruetan oinarrituta jarraitu bitartean, petrolio-ontzien trafiko bukaezinak Prestigerenaren moduko tragediak sortu ahal izango dituela berriz.

Hamarraldi bat beranduago, era berean, ezin dugu ahaztu txapapotearen marea beltzari aurre egin zion boluntarioen marea zuria. Egun haietan Galiziako kostaldea bete zuen giza mareak biziki erakutsi zuen gure jendarteak oraindik baduela, guztiaren gainetik, elkartasun eta eskuzabaltasun aktibo garrantzitsu bat, duintasun handia eta bere burua antolatzeko eta elkarri laguntzeko gaitasun ordainezina. Eta hori sumin, amorru eta ezintasun sentimendu orokortuaren erdian, zenbait arduradun politikoren utzikeriak eta axolagabekeria errudunak eraginda.

Horregatik, hamarkada bat beranduago, Ekologistak Martxanek ez du nahi alde batera gera daitezen garbitzeko dagoen guztia eta guztiak, ingurumen ekosistemetan eta ekosistema politikoetan. Eta, halaber, ez du nahi ahaztea biztanleriaren ahaleginak, bere buruzagi politikoek baino askoz ere erantzukizun eta ardura handiagoa erakutsi zuena naturarekiko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun