Urrian herritarrek ordaindu beharreko bost zerga nagusien inguruan hitz egiteko proposamena ere egin dio EAJren Gobernu Taldeak
Getxoko Bilduri. Horien inguruko erabakia urriko udal batzarrean hartu nahi dute, bestela ezin direlako 2013ko urtarriletik aplikatu, zehaztu dutenez. "Bildun argi daukagu zergak eta inbertsioak guztiz lotuta daudela; ezinbestekoa da herritarrek erakundeei ematen dieten dirua herritarren beharrak asetzeko inbertituko dela bermatzea. Are gehiago bizi dugun momentu ekonomikoan", azaldu dute koaliziotik. Horregatik, aipatutako zergen inguruan hitz egiteko prest agertu da Bildu hainbat baldintza jarrita. Besteak beste, "irizpide progresiboak" zehaztea eskatuko diote EAJren Gobernu Taldeari, IBI eta gainontzeko zergetan hobariak eta bestelako neurriak ezarriz, langabezian zein egoera ekonomiko estuan daudenek gutxiago ordaindu behar izateko. Argazkian, Maitane Nerekan eta Bingen Saitua Getxoko Bilduren zinegotziak, gaurko prentsaurrekoan.