Urkulluk ez zituen inguruko alderdiak aipatu. Horiek kritikatzeaz Bakartxo Telleria eta Andoni Ortuzar arduratu ziren aurretik. PSE-EEri "kudeaketa txarra" eta "desgobernua" egotzi zizkien Telleriak eta EH Bildukoei, berriz, Eusko Legebiltzarrari eta autonomiari zilegitasuna kendu izana azken 30 urtez.
Falangistak Sabin Etxean eta lehendakaria AEBetako trenean
Umoretsuago jokatu zuen Ortuzarrek egun bereko goizean Albiako lorategietan izandako elkarretaratze falangista aipatuta: "gaur fatxak izan ditugu bisitan. Sabin Etxea aukeratu dute manifestatzeko; fatxak dira, baina ez dira tentelak, ez baitira joan herriko taberna batera. Gurera etorri dira, badakitelako hor dagoela arazoa. Haien Espainia bakar, handi eta askera itzultzeko duten desioa geldiaraziko duen indarra gara". Bide beretik, Basagoitik independentziari beldurra hauspotzen ematen dituela egunak edota ETAren adierazpenak Patxi Lopez lehendakaria AEBetako tren batean "milaka kilometrotara" harrapatu zituela izan zituen hizpide. EH BIlduren "soluzio argiak" leloa ere gogoan izan zuen, "lehenik haiena konpondu behar dutela" adierazteko.
Mitin jeltzalean, ohi bezala, agure eta atso andana izan bazen ere, aipagarria izan zen gazteen eta umeak alboan zituzten gurasoen presentzia garrantzitsua. Horiekin batera, hainbat pertsona ezagun izan ziren. Besteak beste, Iñigo Iturrate legebiltzarkidea, Josu Erkoreka Espainiako Kongresuko diputatua, Iñaki Anasagasti senataria, Imanol Landa Getxoko alkatea, Koldo Iturbe, Keltse Eiguren, Josu Loroño eta Joseba Arregi Getxoko zinegotziak, Juan Maria Atutxa Herrizaingo sailburu ohia, Karmelo Sainz de la Maza Leioako alkate ohia eta Eudeleko presidente ohia, Ana Madariaga eta Koldo Mediavilla Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta mahaikidea, eta Juan Karlos Perez Getxoko Eusko Alkartasuneko presidentegaia izan zena.
Ekitaldiaren bideoa (© EAJ)
Ekitaldia argazkitan (cc-by UKBERRI.NET / cc-by-nd EAJ)