Manifestuko sinatzaileek adierazi dute “beti defendatu izan dugula Euskadi elkar hartzeko, biltzeko, elkartzeko eta errealitateari heltzeko ahalmenean oinarrituta eraiki beharra. Iñigo Urkullu lehendakarigaia buru duen Eusko Alderdi Jeltzalearen zerrenda da gu islatzen gaituena eta horrelako gidaritza gauzatzeko bermea eskaintzen digun bakarra. Horregatik agertzen gara haren alde eta hari emango diogu botoa urriaren 21ean”.
Ekitaldian, Iñigo Urkulluk bihotzez eskertu zizkien hitzok guztiei, eta esan zuen "bat garela eta bidea elkarrekin egin behar dugula". "Gaur besarkada honekin gizartearen nahiari erantzuten diogu. Egun, euskal gizarteak batasuna eskatzen digu, adiskidetasuna, elkarlana. Gaur elkartuz, duela 30 urteko 'batasuna eta indarra' berreskuratzen ditugu. Besarkada hau euskal gizarteari eskaintzen diogu, etorkizunari. Besarkada hau etorkizuna da, elkarrekin nahi dugun Euskadi berriaren adierazlea".
"Urte askoko elkar ulertezinaren ondoren, badakit ez dela erreza izan. Baina horrexegatik eskertzen dizuet bihotz-bihotzez", gaineratu zuen Iñigo Urkulluk.
Eskarmentu handiko politikaria
Izaskun Trabudua Llona pedagogian lizentziatua izateaz gain, Eusko Alkartasuneko Bizkaiko Lurralde Batzordekide ohia da. Gainera, 2000 eta 2007 bitartean Gizarte Ekintza zinegotzia izan zen Erandion bertan. 2007ko udal hauteskundetan EAren zerrendaburua izan zen, baina ez zituen behar beste boto eskuratu zinegotzia izateko.
2009ko ekainaren 2an, "abertzaletasuna berrindartzeko" asmoz, Eusko Alkartasuna utzi eta Alkarbide sortuko zutela jakinarazi zuten alderdi sozial demokratako Gipuzkoako zenbait diputatu eta legebiltzarkidek. Hiru aste beranduago, gerora Hamaikabat izango zeneko eratze prozesuan Talde Sustatzaileko kide gisa aurkeztu zuten Trabudua.
Abenduaren 16an, berriz, Bizkaiko Hamaikabaten presidente aukeratu zuten, 2011ko uztailaren 30ean udal eta foru hauteskundeen emaitza kaskarren ostean alderdia desegin zen arte.