Herri honek pilotari oso onak izan ditu beti, arerioaren aurrean duintasuna erakusteko prest egon direnak, tantoa aldez aurretik inoiz galdutzat hartu ez dutenak, galdutako jokoaren bizitasuna bestelako norabidetik ekarriko dutenak. Bai, horrelakoak behar ditugu. Ez dakit ordukook praka motzak jantzita jolasteko moduan egongo garen, baina geure ondorengoei erakutsi behar diegu oraingo joko motelak herri honen geroa galbidera eramango duela. Ea asmatzen dugun ezkertiarrok eta euskaldunok indarra metatzen, eta euskal pilota gogor astintzen. Unea da txandaka aritzeko, ilusioa pizteko, eta saskian urte askotan preso dituzten pilotarik onenetakoak berriro herriko frontoietan ikusteko. Baina horretarako joko ona erakutsi behar dugu: zabalera, txokora, atzera, aurrera, bildu euskal herritarrok.
Juan Luis Mugertza idazle berangoztarrak gaur "Gara" egunkarian argitaratutako artikulua