Udal arduradunek diotenez, berritzailea da diseinuari dagokionez, Antsonekoa plazaren ondoko autobus-geltokiaren antzekoa, baina tamainaz handiagoa. Hartan bezalaxe, bere barnean LED argiztapena edukiko du, kontsumo baxukoa eta energetikoki eraginkorra, arrats/gauean argiztatzeko. Markesinaren ondo-ondoan, haizea mozteko hegal bat kokatu da, material berdinak erabilita, atari zabalean zain egotea nahiago dutenak babesteko. Laster banku bi kokatuko dira markesinaren barruan eta beste bi kanpoan, atari zabalean eta hegal horrek babestuta.
Plazatxoa
Urdulizko Udalak bere jabetzazko lursail bat laga du geltokia eta alboko urbanizatzea egi bihurtzeko. Markesina 150 metro koadroko plaza batean kokatu da. Errepideak espaloiaren tartetxo bat bereganatu du autobusaren aparkalekua ezartzeko, hau da, autobusarentzako sarreratxo bat finkatu da modu erosoan aparkatu ahal izateko eta trafikoa ez oztopatzeko.
Plaza txikian laster bizikletentzako aparkalekua jarriko da, baita paperontzi bat ere. Gainera, geltokiaren atzealdean eta hegalean geratu den lurrezko ezpondan, Udalak 10 zuhaitz landatuko ditu, gune berde bat sortuz. Berdeguneak mantenurako sistema izango du, automatikoki ureztatzea ahalbidetuz. Urdulizko Udalak, guztira, 77.000 euro inbertitu ditu proiektu hau aurrera eramateko.