Gaur eta bihar arteko gauean, Sarrikobaso kaleko 17. zenbakian dagoen etxea lurrera botako dute, erortzeko zorian baitago. "Etxea lurrera botatzeko lanak gauean egin behar dituzte metroaren zerbitzua ez gelditzeko, lanak egiten diren bitartean argindarraren hornidura eten behar delako alde honetan. Etete horrek eragina izango du bakarrik metroaren zerbitzuan", azaldu dute
Getxoko Udaleko iturriek. Lanak direla eta, hainbat neurri ezarriko dira segurtasun baldintzak bermatu, haiek eragindako arazoak ahal den gehien gutxitu eta hirugarren batzuei kalterik ez eragiteko. Izan ere, bide publikoan, espaloian zein galtzadan, eragina izango duten obrak eta hesiak zuzen seinaleztatuko dira. Lanak egiten diren bitartean oinezkoentzako bidea itxiko da etxe ondoan dagoen espaloi zatian, alboan dauden aparkalekuak ere kendu egingo dira eta galtzadan libre geratzen den erreitik emango da bidea, beheranzko, aldi baterako semaforoen edo bertan izango diren obrako beharginen bitartez. Udalak, lan hauek direla eta, esandakoa betetzeko eta eragozpenak barkatzeko eskatu die herritarrei. Argazkian, botako duten etxea.