Iker Rodrigo: "Urrezko bozka Laura!"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko urr. 18a, 00:30

Azken egun hauetan aurreko hauteskunde autonomikoetarako bozka etorri zait burura. Ocaña I espetxetik igorri behar izan nuen nire egun horretako ekarpena. Gogoan dut ziegako bakardadean landu nuela bozka hura; baita hurrengo egunean patio orduetan zenbat barre egin genuen ere, Jose eta Aitor eta hirurok, elkarri erakutsi genionean eskulan moduan egindako bozka haiek. Haiek nire izena sartu nahi zuten papeletan, azken finean, kartzelan egon ez banintz parlamentari izango nintzatekeela errepikatzen zidaten behin eta berriz. Nik, nola bestela, ezetz eta ezetz, nire izenik ez dagoela aurkeztutako zerrendetan baina bai ordea nire ekarpen osoa egindako apustuaren alde. Argazkian, Laura Mintegi gaur Leioa eta Erandioko campusean egindako ekitaldian / cc-by-sa Euskal Herria Bildu.

Gogoan dut ere megafoniatik dei egin zigutenean postaria iritsi zela eta bozkak jasoko zituela esateko. Goiz hartan urduri nintzen, dena prest neukan. Funtzionarioak ziegako atea zabaldu aurretik etxeko lanak eginda nituen, nire urrezko bozka txukun-txukun tolestuta eta modu onean sartuta neukan gutun-azal ofizialaren barruan. Behera jaitsi nintzenean berehala helarazi nion postariari bozka ilegala. Ondo baino hobeto gogoratzen dut nire bihotzaren abiada; une txiki batean aske sentitu nintzen lau pareta zikin horien artean, zirrara hotz batek bildu ninduen, gauza handia egiten ari nintzenaren sentsazioa izan nuen... benetan diotsut, gure herrian bozkatzeak baino harrotasun handiagoa sortu zidan barrote artetik bidalitako bozka hark.

Gogoan dut nola imajinatzen nuen nire bozka, paper ilegal hura, Ocañako postetxean lehenik, errepidean ondoren, nire gurasoek egiten zuten bidai berdina egiten Euskal Herrirako bidean barrena. Gogoan dut ziegaren itxitasuna zeharkatu eta goizean postariari emandako bozka hartan pentsatzen jarraitu nuela... Marraztutako bozka hura Euskal Herrira iritsiko zen unean irudikatu nuen, Bilboko postetxean espetxe gehiegitatik igorritako beste bozka ilegal guztiekin bat egiten zuen une zehatza...

Gau hartan abiadura bizian zebilkidan burua, hauteskundeak baino ez nituen buruan, ez soilik 2009ko hauteskunde autonomikoetan, azken hamarkada luzean bizi izandako hauteskundeetan baizik. Azken finean, Alcapone zerga iruzurra egiteagatik izan zen kartzelaratua, eta ni hauteskunde batzuetan hautagaitza bat bultzatzeagatik; berak, imajinatzen dut, diruan pentsatuko zuen gau eta egun, eta nik, nola ez, hauteskundeetan eta Euskal Herrian; nork berea.

Azken hamarkada luzean ezker abertzaleko milaka kidek denetarik egin behar izan dugu egon diren hauteskunde ezberdinetan presente egoteko. Gogoratzen nuen hauteskunde batzuen atarian kamioi bat gidatu behar izan nuela Gipuzkoako inprenta batetik Bizkaira Garzon bila ari zen papeletak ekartzeko. A-8 autobidean kotxe bat joan behar zuen kamioiaren aurretik polizi kontrolak egotekotan neraman karga salbatu ahal izateko.

Gogoratzen nuen ere ekitaldien debekuen aurrean, oztopo eta polizi guztien gainetik nola biltzen zen jendea, nola Herriz-herri banatu eta gordetzen genituen papeleta famatu horiek, jazarpen polizialari aurre eginez gure bozken bidez egindako hautuari eusten geniola berresten genuen. Bizi izandako milaka irudi etorri zitzaizkidan burura, eta denetan, jendea; jendea lanean irudi guztietan, jendea, ensobratzen, kartelak jartzen, zerrendak osatzen, plan A eta plan B-ak lantzen, estresa, lana, ekarpena, nork bere herrian, denok lanean.

Gogoratu nituen zerrenden ilegalizazioen momentu latzak, erabakiak hartzeko momentuak... gogoratu nituen elkartasun keinuak, Euskal Herritik zein kanpotik jasotakoak, gogoratu nintzen NOS-UPko ordezkaria Galizatik Bilboko hauteskunde batzordera paper soil bat sinatzera etorri zenekoa ahaldunak egiteko hauteskunde europearren aurrean, baita EHAK-ko lehendakariaren ekarpena 2005eko hauteskunde autonomikoetan.

Ez nuen aurreko hauteskunde autonomikoen kanpaina kalean bizitzerik izan, hauteskundeak baino bi hilabete lehenago atxilotu eta kartzelaratu nindutelako, baina zuzenean jarraitu izan nuen urrezko bozkaren aldeko kanpaina gogorra. Atxiloketak, miaketak, debekuak... Egunero heltzen zitzaizkidan berri txarrak. Ocañako ziegatik Euskal Herrian ikusten nituen lagunak eta jendea, denak horiz jantzita, urrezko bozkak banatzen, urrezko bozkaz gainezka zeuden kamioi ilegalak ere imajinatzen nituen A-8 errepidean zehar.

Ocañako ziega hartan, gau ilunetan irribarre bat pizten zitzaidan aurpegian, bozka haiek guztiek, hamar urte gogor eta berezi haietan borrokatutako bozka haiek guztiek, fruituak emango zituztela jakin banekielako. Sufrimendu haiek guztieki hori ez zela debalde izango banekielako.

Ez dira lau urte pasa Ocañako kartzelatik atera nintzenetik eta dagoeneko ereindako uzta haren guztiaren fruituak ikusten hasi gara. Urteetan zehar defendaturiko mila kolore zein formatako bozka haiek, legalak eta ez legalak, abstentziorako deiak, metamorfosiz berri bat izan dute eta egun EHBILDUren forma hartu dute. Hauteskunde hauetako urrezko bozka, urrezko papeletaren lehen izena zurea da, Laura.

Zuk jasoko duzu urte gogor hauetan metatutako indar guztia, baina lasai, ez zara bakarrik egongo. Ocañako ziegatik imajinatzen nuen jende hura, lanean, ensobratzen, kartelak jartzen, zerrendak osatzen... hori guztia eta gehiago ari dira egiten. Oraingoan ez dugu B planik, ez dugu behar, oraingoan plan bakarra dago, herri honen etorkizuna egunez egun irabaztea. Argi dugu oraindik, egoera aldatu bada ere sufrimendua mantentzeko hautua egin duela estatuak eta ez dela bide erraza izango. Oraindik ez dugu irabazi baina irabazteko oinarriak sendo errotu ditugu, urteetan erakutsitako determinazioa, gogoa, gaitasuna, autokritikarako gaitasuna, borrokarako grina eta aurrera egiteko nahia dira gure aktiboak.

Herri hau askatasunera eramateko gaitasuna soberan dugu, baldintzak gure alde ditugu eta elkarlanean, denok batera bultzatuta lortuko dugu. Oraingo hauteskunde hauetan alferreko bozka aukerak ugariak dira, eremu abertzalean ere, baina urrezko bozka bakarra zuk lideratzen duzun herriarena da, urrezko bozka EH Bildurena da.

Iker Rodrigo Basterretxea, ezker abertzaleko militantea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun