Baina itzul gaitezen Instalazara. 2008ra arte, enpresa hori izan zen Espainiako luku-bonba ekoizle nagusia. Urte hartan, arma mota hori legez kanpo utzi zuen Dublingo Hitzarmenak, eta Madrilgo Gobernuak iragarri zuen ez zela halako bonbarik egongo Espainian 2009ko ekainetik aurrera. Instalazak salaketa jarri zuen Gobernuaren aurka erabaki horregatik, eta 40 milioi euroko kalte-ordaina eskatu zuen.
2011n, PP boterera itzultzeaz batera, beste sektore batzuetan bezala armagintzan edo, eufemismoa erabiltzearren, defentsan, ate birakariek zein ondo funtzionatzen duten agerian geratu zen hamaikagarrenez: Defentsa ministro izendatu zuten Pedro Morenes, eta 2012ko udaberrian, epaitegiek Instalazari arrazoi eman eta estatuak 40 milioi euroak ordaindu behar zizkiola esan zuten. Momentuz, Gobernuak helegitea dauka jarrita epai horren aurka. Aurtengo urtarrilean, Morenesek Instalazarekin lotura eduki zuela jakin zenean, ministroak Diputatuen Kongresuan adierazi zuen 2007an eten zuela lotura hori; luku-bonben afera gertatu baino lehenago, beraz. Aldiz, hainbat hedabidek frogatu zuten Morenes gezurretan aritu zela –PPren Gobernuak “huts” bat izan zela argudiatu bazuen ere–, Instalazako kontseilari jardun baitzuen 2009ra arte. Izan ere, jardun horren etetea 2011ko irailean jakinarazi zen ofizialki Zaragozako Merkataritza Erregistroan. Hau da, hauteskundeak baino aste bi lehenago.
Artikulu hau "Argia"ren aste honetako zenbakian argitaratuko da, Espainiako gastu militarrari buruzko erreportajearen barruan, Unai Brea kazetari berangoztarrak idatzita.