Algortan, Sarrikobaso kaleko 17. zenbakian zegoen etxea lurrera bota dute gaur goizaldean, erortzeko zorian baitzegoen. Lanak normaltasun osoz egin dituzte eta aurreikusitakoa bete egin da. "Etxea lurrera botatzeko obrak jabeek kontratatutako enpresak egin ditu,
Getxoko Udalak, etxea erortzeko zorian zegoela eta, hala eskatu baitie jabeei", adierazi dute tokiko agintariek. Lanak metroaren zerbitzua amaitu denean, gaueko 00:56ean hasi dira eta 03:08 aldera amaitu dituzte, argindarraren hornidura eten behar izan delako. Gauzak horrela, hainbat neurri ezarri dira segurtasun baldintzak bermatu, haiek eragindako arazoak ahal den gehien gutxitu eta hirugarren batzuei kalterik ez eragiteko. Besteak beste, bide publikoan, espaloian zein galtzadan, eragina izan duten obrak eta hesiak zuzen seinaleztatu dira. Lanak egin diren bitartean oinezkoentzako bidea itxi da etxe ondoan dagoen espaloi zatian, eta alboan dauden lau aparkaleku ere kendu egin dira. Argazkian, etxeak utzitako hondarrak.