Norma argitaletxea eta Luterl taldea omenduko ditu aurtengo Getxoko Komiki Azokak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko urr. 18a, 18:44

Aurten Getxoko Komiki Azokak omenaldia egingo dio Norma Editorial argitaletxeari, Europako komiki enpresa garrantzitsuenetako bat, eta horren 35 urteko jarduera sarituko du. Halaber, Luterl Taldea euskal kolektiboa ere omenduko dute, 1983. urtetik aurrera biñetaren mundua zabaltzeko eginiko lanagatik. Omenaldiak azokaren lehenengo egunean izango dira, azaroaren 23an, Areetako Telletxe plazan jarriko den karpan, Getxoko Kultur Etxeak jakinarazi duenez. Bertan, hilaren 25era arte gozatu ahal izango dute zaleek bederatzigarren arteaz. Argazkian, aurreko Komiki Azoketako batera hurbildutako hainbat lagun, artxiboko irudian / © Getxoko Kultur Etxea.

Norma Editorial 1977. urtean abiatu zen komikiaren arloan, Rafael Martínezen eskutik. Ordutik hona, jarduera handia garatu du. Nazioarteko ospe handienetariko argitaletxe bilakatu da enpresa katalana eta urtero 300 bat titulu kaleratzen ditu. Normakoak laster hasi ziren lehenengo lanak argitaratzen eta pixkanaka-pixkanaka europar egile handiak biltzen dituen katalogoa osatzea lortu zuen: Enki Bilal, Bourgeon, Giardino, Van Hamme, Jodorowsky, Milo Manara, Moebius, Hugo Pratt, Rosinski, Tardi eta abar. Artista horien lanak bilduma ospetsuetan argitaratu dira, esaterako "Cimoc Extra Color", "Pandora" eta "Blanco y Negro".

Aldi berean, espainiar egileen lanak ezagutzera eman zituen argitaletxeak "Cairo" eta "Cimoc" aldizkarietan. Horiek izen handia izan zuten bere garaian, 80ko hamarkadan, eta komiki espainiarraren urrezko aroaren eredua ezarri zuten, bizirik irautea lortu ez zuten beste aldizkari batzuekin batera. Abulí, Azpiri, Beroy, Font, Prado, Segrelles, Rubio, Torres eta beste artista batzuen lanak agertu ziren Normaren aldizkarietan.

90eko hamarkadan hasita, Ipar Amerikako egile onenen komikiak hasi zen argitaratzen Norma, esaterako Will Eisner, John Byrne, Neil Gaiman, Frank Miller, Mike Mignola eta Alan Moore. Horrezaz gain, harreman estua eratu zen Estatu Batuetako argitaletxe independente nagusiarekin, Dark Horsekin, hain zuzen ere. Hamarkadaren amaieran DC Comicsen super-heroien komikiak, "Vertigo" bildumakoak eta Manga komikiak gehitu zitzaizkion katalogoari eta horri esker argitaletxearen eskaintza izugarri gehitu zen.

Luterl Taldea

Luterl Taldea 1983an sortu zen, Ondarroan, komikizaleak bilduta biñeta mundua jardueren bitartez hedatzeko. Taldearen lehendabiziko ekitaldia komiki erakusketa bat izan zen eta 1984. urtean "Globho" fanzinaren lehen zenbakia kaleratu zuten. Ondarroako Komiki Jardunaldiak ere antolatzen ditu taldeak. 15 ekitaldietan, hainbat erakusketa, hitzaldi, aurkezpen, kontzertu eta proiekzio egon dira, besteak beste. Jardunaldien 10. ekitaldian garai horretako Euskal Herriko egile gehienak bildu ziren artista topaketan, aurrekaririk gabeko ekimen batean.

Egun arte, honako argitalpen hauek kaleratu dituzte Luterlkoek: "Globho" fanzina (13 zenbaki), "Globhito" buletina (19 zenbaki), "Globhorma" aldizkari murala (20 zenbaki), "Globoshonda sorta" Ondarroako artisten bilduma (3 zenbaki) eta Roberto Garayren "Kapitan Kaporrex" eta Josu Garalderen "Itxasoko deabruak" komikiak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun